Paul Weller, Faith No More eta Alice In Chains Bilbao Live gizentzera datoz
Uztailean Kobetamendi hartuko duen jaialdia, izenez izen, gero eta pisutsuago dator. Rammstein eta Pearl Jam izar nagusi zituen ekitaldiak Slayer, Rise Against, Manic Street Preachers eta Jet iragarri zituen, besteak beste, orain gutxi. Eta orain, oso talde sorta interesgarria erakarri du Bilboko festara. Paul Weller, Faith No More eta Alice In Chains entzutetsuekin batera, Dropkick Murphys, Volbeat, Gogol Bordello eta Skunk Anansiek osatzen dute azken multzoa.
Anartz BILBAO | BILBO
Martxoan sartuta gauden honetan, aurten Bilbok ez du Kobetasonik jaialdi indartsua izango antza. Bilbao Live gizen dator ordea, lehen eguna edozein metal jaialdi asetzeko prest duela, asteburua rock eta pop doinuei lagata. Eta jaialdiak orain arte iragarritako izenak erakargarriak baziren, atzo aurkeztu sorta ez da gutxiago.
Zazpikotea zabaltzen, sona handiko hiru izen. Faith No More batetik, oraingoz larunbata gidatuko duen kaliforniar (AEB) taldea. 80ko eta 90eko hamarkadan esanguratsua izana (metal eta thrash doinuak hip hop, funk, jazz edo soul erritmoz nahasteko gaitasuna erakutsi zuten), iaz errepidera itzuli zen egun Mike Patton gidari duen taldea.
Alice In Chains Seattle-ko (AEB) laukote ilunak «Black Gives Way to Blue» eman zuen iragan irailean -«Dirt» ezaguna 92koa dugu-, Bilbon William Du Vall ahotsean dutela joko dutena (Layne Staley abeslaria 2002an hil zen).
Hirugarrena eskarmentu handiko Paul Weller dugu. Egun bakarlari, The Jam eta The Style Councileko gidari izan genuen eta mod mugimenduan ezinbesteko musikaria dugu. Britaniarrak datorren apirilaren 13an argitaratuko du «Wake Up the Nation» lan berria.
Aipatutakoez gain, Skunk Anansie ere ez da atzo goizeko taldea. 1994an sorturiko britaniar laukoteak bertan behera utzi zuen jarduna 2001ean. Oholtza gainera itzuli ziren iaz, eta lan berriarekin gainera: «Smashes and Trashes».
Sarrerak salgai
Sorta osatzen Gogol Bordello talde parrandazalea (New York hiritik dator ijito talde anitza), irlandar punk doinuak jorratzen dituen Dropkick Murphys (Boston hirikoak diren arren, AEB) eta Volbeat danimarkar rockzale amorratuak.
Hasierako eskaintza behin agortuta, sarrerak 110 eurotan jarraitzen dute (3 egunetarako). Egun bakanak berriz, 50 eurotan dute sarrera, ohiko saltokietan: BBK kutxazainetan, www.bbk.es atarian eta 944 310 310 telefono zenbakian. Baita Ticketmaster sarean, Fnac, Carrefour, Halcon Viajes, Foto Ikatz, Tipo eta abarretan ere.
Egunez egun, eta azken talde sorta falta dela, hona jaialdiko egitarau zaratatsua.
Osteguna metal gaua dugu Bilbao Live jaialdian, Rammstein, Slayer, Skunk Anansie, Rise Against, Coheed and Cambria, Bullet for my Valentine, Volbeat eta Rise to Fall taldeei esker, eta jardunik osatuena da, itxita ez badago ere.
Ostiral eta larunbata zehazten hasiak baino ez dira, oraingoz. Pearl Jamekin batera Alice In Chains, Paul Weller, Gogol Bordello, Dropkick Murphys eta Capsulak joko dute ostiralean eta Faith No More, Manic Street Preachers eta Jet taldeek larunbatean. A. B.