Ruper Ordorika oñatiarraren «Haizea garizumakoa» Bilboko Kafe Antzokira heldu da
A. B. | BILBO
Kafe Antzokiak urtero-urtero atontzen duen egitarau ezin oparoagoan txoko berezia du Ruper Ordorikak, kantari maitatua baita oso Bilbon. Eta Gabonen bueltan izan ohi den hitzordua martxora aldatuta, «Haizea garizumakoa» (2009, Elkar) dakar oñatiarrak bere-berea duen oholtzara.
New York hirian aspaldi lagun egin zituen musikari bikainekin -Ben Monder, Kenny Wollesen eta Skuli Sverrisson- grabatutako azken lanak inoizko Ordorika ase eta atseginena ageri du, lagunarteko mahai inguruan kontu kontari gustura balego legez.
«Haizea garizumakoa» lanak, «malenkonia puntu batez eta maitasunez kantatuak, hamaika iradokizun isurtzen ditu iruditeria egoki eta propioaren bitartez». Ordorikak bereak ditu, aurreneko aldiz, lana osatzen duten kantu guzti-guztien hitzak, eta horien bitartez «aro oso baten testigantza poetiko-musikal bakana bilakatzen da».
Oholtza gainean Lutxo Neira, Arkaitz Miner eta Hasier Oleaga izango ditu lagun etzi Luhuson joko duen maisuak.