OSPAKIZUNAK
Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara, hainbat ospakizun asteburuan
Astelehenean izango da Emakumeen Nazioarteko Eguna, baina herri askotan asteburura aurreratu dituzte ospakizunak. Donostian Bilgune Feministak bertso-bazkaria antolatu du biharko. Doka kafe antzokian izango da eta Amaia Agirre eta Ainhoa Agirreazaldegi izango dira bertan. Hondarribian, Emakumearen Astearen baitan, Margarita Balerdi omenduko dute igandean. Honakoan Sebastian Lizasorekin arituko da Agirre. Gernikan, antzerkia izango da larunbatean. Maskarada taldeak «Souvenir» lana eskainiko du Lizeo antzokian. Irurtzunen, arratsaldeko zortzietatik aurrera ipuin kontalaria izango da gaur; bihar, kafe-tertulia egingo da; eta, igandean, film laburren emanaldia. Zarauzko Sorginak emakume taldeak ere egitarau oparoa prestatu du. Gaur gauean, Sorgin gaua ospatuko da Putzuzulo gaztetxean. Bihar, manifestazioa, bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte. Igandean, berriz, «Angeles de hierro» filma eskainiko dute.