Garcia Marquezen «Del amor y otros demonios», zineman
«Del amor y otros demonios», Gabriel Garcia Marquez Literatura Nobel saridunaren nobelan oinarritutako filma estreinatu da Cartagena de Indiasko Nazioarteko Zinema Jaialdian. Costa Ricako Hilda Hidalgo zuzendariaren opera prima da honakoa.
GARA | BOGOTA
Filmak Hego Korean beste hiru proiekzio izan baditu ere, Cartagenako estreinaldiaren aurrean, Hilda Hidalgok ez du «sekulako emozioa» sentitzen duela ezkutatzen. Bertan filmatu zuen lana eta, duela hilabete batzuetatik, bertan bizi da Gabo -horrela ezagutzen dute Garcia Marquez gertukoenek-.
«Estreinatzeko gogo izugarria daukat, eta azkenean, Cartagenan erakusteko aukera daukat, filma egin nuen lekuan. Zoriontasunaren eta beldurraren arteko sentimendu bat daukat», aitortu zuen Hidalgok guztiz hunkituta.
«Del amor y otros demonios» pelikularen proiekzioak, jaialdiko lehiaketatik at egon arren, sekulako ikus-mina sortu zuen ikusle eta kazetarien artean. Zuzendariak berak aitortu zuenez, Latinoamerikako publikoaren artean «sor daitezkeen erreakzio desberdinez» jabetzen da, baina, batez ere, kolonbiarren artean izan daitezkeenez.
«Badakit kontrako erreakzioak egon daitezkeela eta badakit ere, pelikularen aldeko pasiozko erreakzioak ere egon daitezkeela. Hau da, edozer gauza pasa daiteke, baina berrelikatze hori guztia interesgarria izango da beti», esan zuen Hidalgok.
Jendeak «hunkitu eta beste unibertso batean bizitzeko aukera izan dezan» espero duela aitortu zuen zuzendariak. «Ea bidaia batean sartzen diren, barne bidaia eta zoriontsua bada askoz hobe. Hori da espero dudana. Hala ere, beti harritzen nau pelikulak bueltatzen didanak», gaineratu zuen.
Filmak Sierva Mariaren istorioa kontatzen du. Cartagena kolonialean bizi den 13 urteko neskato bat da eta «musuek zein zapore duten» jakin nahi du. Zuzendariak kontatu zuenez, markesen alaba bada ere, esklabo beltzekin hazi izanak, bere sentsualitatearekin duen harremana zeharo ezberdina da.
Sierva Mariari amorrua duen txakur batek kosk egingo dio eta, garai hartan, amorrua deabruarekin lotzen zutenez, komentu batean sartuko dute exorzizatua izan dadin. Cayetano de Laura, abade espainiar gaztea arduratuko da «deabrua atera eta neskatoaren arima askatzeaz».
Hidalgok baieztatu zuenez, bi protagonisten artean sortzen den maitasun istorioa da pelikularen ardatza: unibertsoa arrazoi eta fedetik ulertu nahi duen apaiza baina bere burua sentsualitate eta desiren arlotik arakatu ez duena, eta bere sexu esperientzia guztia afrikar ikuspegitik bizi duen neskatoa.
Hidalgok, 39 urteko emakumeak, «Gaboren nobela baten egokitzapena egitea sekulako zortea» izan zen, bere opera primaren eskubideak lau milioi dolarretan zenbatetsita baitaude. «Guztiaren gainetik, maisu eskuzabal bat iruditzen zait», esan zuen.
Azaldu zuenez, 2003an ezagutu zuen idazlea, Habanan bere tailer batean parte hartu zuenean eta berak proposatu zion istorioa zinemara eramatea. Honek baietz erantzun, eta hauxe da emaitza.