GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

Elkar argitaletxeak haur eta gazte literaturako hiru liburu plazaratu berri ditu

p049_f02_097x104.jpg

A. B. | BILBO

Elkar argitaletxeak haur literaturako hiru ale berri argitaratu ditu. Leire Bilbaok idatzi eta Morkotsek marraztutako «Olagarro bat bainuontzian» da lehena, 6 urtetik gorako umeentzat aproposa. Eta «Lotsatia naiz, eta?» bigarrena, Antxiñe Mendizabalek idatzi eta Jokin Mitxelenak marraztua. Hirugarrena berriz, hainbat poeta ezagunen testuak jasotzen dituen «Txori kantariak, poeta hegalariak», Elena Odriozolaren poema grafikoak apaindua. Azken biak, 8 urtetik gorako ume koskorrentzako egokia.

Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978) poesian ez ezik, badu eskarmentua haur eta gazte literaturan ere, «Olagarro bat bainuontzian» gaztetxoentzako idatzi duen zazpigarren lana baita. Ipuin labur hau -testu gutxi dauka eta Morkotsen marrazki dibertigarriak ezinbesteko lagun ditu-, «gauza bakoitzari bere tokia aurkitzean datza», bistan baitago bainuontzia ez dela olagarro batentzako bizitokirik aproposena.

Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) berriz, «Eta zer?» sortarako idatzi du Eki mutiko lotsatia protagonista duen ipuina, Jokin Mitxelenaren irudiak dituena. Txikitan lotsatia izatea zer den ondo ezagutzen omen duen Antxiñek idatzi ipuinean, «Ekik urtebetetzea du aurki, eta bere `arazo' den lotsari ezusteko eran aurre egin eta gustuko duen neskatoa urtebetetze festara gonbidatzea lortzen du»; horretarako, Bilbaok bere ipuinean bezala, umorea erabilita.

Kuku poesia

Hirugarren lana, «Txori kantariak, poeta hegalariak» berezia da oso, olerkari askoren testu laburrak eta Elena Odriozolaren marrazkiak jasotzeaz gain, «Euskaldunen Egunkaria» itxi zutenean horri laguntzeko plazaratu liburuaren argitalpen berria baita. Lanak Pello Añorga, Juan Kruz Igerabide, Joan Mari Irigoien, Felipe Juaristi, Antton Kazabon, Miren Agur Meabe, Karlos Linazasoro, Joxan Ormazabal, Jon Suarez, Kirmen Uribe eta Lutxo Egiaren testutxoak biltzen ditu (azken honek aurkeztu zuen atzo).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo