Kepa Alberdi «Maxixatzen», Azkoitiko herri aldizkariko kolaboratzailea
Bakarka, ezinezkoa
Beste biderik ez dago, herri honek esperientziaz daki zein zaila den indarrak eta borondateak biltzea, baina ezin da denboran aurrera errota berari jiraka eta bueltaka ibili
Zutik Euskal Herria» ebazpenak hautsak ondo astindu ditu azken egunotan. Horra hor ezker abertzaleak garatutako proposamena, apustua. Guztiok dakigu irtenbide magikorik ez dagoela eta soilik jarrera eraginkorrak eta zintzoak piztuko dutela berriro ere bizi dugun gatazka saihesteko konfiantza. Erronkak ausardia eskatzen du eta, iraganeko errezetak alde batera utzita, badugu ordua indar metaketari bidea emateko.
Aitaren baten esan dute betikoek proposamen honetan ez dela ekarpen berririk ageri. Aspaldidanik, etengabe eskatu zaio ezker abertzaleari urratsak emateko, hitzaren bideak soilik jorratuz. Hor urratsa... eta orain zer? Zalaparta mediatikoa berehala piztu da, betikoek ez dute denbora apurrik galdu deskalifikazioetan hasteko. Aspaldidanik dakigu bazter hauetan bakezale asko eta bakegile gutxi dugula. Alderdi estatalistek betiko kontsigna prefabrikatuen errepikapenaren errepikapenez gatazka bere horretan iraunaraztea nahi dute, luzaroan, kalkulu elektoralistak tartean, espazio politikoa ez galtzeko. Beldurra diote ezker abertzalearen parte-hartzeari eta hamaika zangotraba ikusiko dugu aurrerantzean ere, guztia egin eta onartzera ohituta daudenez botorik ez galtzearen truke. Dena den, betiko dialektika faltsuak agerian utzi ditu berriro ere.
Jakin badakigu agerikoa ukatzen ari direla eta ez dute unerik galtzen zauriak zirikatzen hasteko. Biolentzia gora eta biolentzia behera, beste diskurtsorik ez dute. «Zutik Euskal Herria» testuan garbi adierazten da prozesu demokratikoa ETAren eta beste edonoren indarkeriarik eta esku-sartzerik gabe garatu behar dela. Indarkeria adierazpen guztiek desagertu behar dute, ETAk ere konprometitu egin behar du prozesu hau aurrera ateratzeko. Modu berean, Espainia eta Frantziako Estatuen borroka armatuaren etena exijitu behar da. Indarkeria mota samingarriak oro zokoratu behar dira... guztiak. Eta zer diozue horretaz biktima izendapenaren monopolioa duzuen «demokratok»? Zer diozue zeuen biolentzia ankerraz? Zenbat biolentzia onartu behar dugu bakearen izenean? Nazkatuta gaude indarkeriaren inguruko hipokrisiaz, estatuak berorren baliapena zilegitzat hartu eta, bide batez, bere erabilera beti dohain ateratzen zaiola ikusten baitugu eguna joan eta eguna etorri.
Horren guztiaren adibide, gaur da eguna inoiz baino errepresio gehiago pairatzen ari garena. Ideiak eta ahots disidenteak espetxeratzen ari dira. Murrizketak eta urraketak nagusi diren garaiotan «zuzenbide estatuan» bizi garela entzutea ere! Euskal Herria errepresioaren erakusleihoa bilakatu den honetan, non dira indarkeria datorren tokitik datorrela ere gaitzesten duten «demokrata» horiek? Terrorismoaren aitzakiarekin askatasun espazioak murrizten dizkigute une oro eta gure pentsamenduak ez daude aske. Askatasun teorikoak gehituz doazen heinean, askatasun praktikoak gutxituz doaz. Alderdiak debekatzeaz gain, egunkariak itxi, presoen argazkiak azaltzea kriminalizatu, atxiloketak inkomunikazio amaigabeaz luzatu, tortura bortitzenak banalizatu, hauek salatzen dituztenak gezurtitzat aurkeztu... hori da gaur egun gure herriko errealitate gordina. Hemen guztiok gara susmagarriak. Gure herri zahar honetan, erraz atera izan da eta ateratzen da kartzelarako pasaportea.
Gauzak horrela, noiz ulertu behar dute herri honen borrokaren helburu edo zentzu bakarra garena izatera iristea dela, geure etorkizuna aske erabakitzeko aukera izatea? Noiz onartu behar dute hemen herri bat badela, ez dugula geure herrian arrotz sentitu nahi? Gu herri txikia gara, geure nortasunarekin eta herri bezala funtzionatzeko eskubide osoarekin, bere garaian gu ere indarkeriaz menperatuak izan baikinen. Espainia eta Frantzia sortu baino lehen Euskal Herria hemen zegoen. Berriro ere, beste behin, uler ezazue, herri honek jasaten dituen sufrikario guztien sorburua bere eskubideen ukapena dela.
Hori horrela, abertzale guztiak elkartuko dituzten proposamen eta konplizitate gehiago behar da, duen potentziala bilduz eta mugimendu indartsu bat osatuz. Ausartak izateko garaia heldu da. Beste biderik ez dago, herri honek esperientziaz daki zein zaila den indarrak eta borondateak biltzea, baina ezin da denboran aurrera errota berari jiraka eta bueltaka ibili. Guztiok bilduta ere zenbakiak nahiko juxtuak dira eta guztion batasunak izan behar du gure nortasun agiria, geure akats guztiekin, geure arazo konplexu eta zailei aurre eginez, hormak eraikitzeari utzi eta hitzezko bideak irekiz, galarazi egin behar dugu gatazka honen betikotzea.
Arrazoiz beteta gaude eta urrats batek besteari jarraitzen dio, borroka molde mingarriak alde batera utzi eta Euskal Herriak bi estatuekin duen konfrontazioa jarduera politikora eraman behar da, hau da, benetan ahulak diren eremura. Norberak bere ardurari eutsiz, ametsak eta ilusioak laguntzat hartuz, orain da ordua. Gero... beti berandu izango da.