GARA > Idatzia > Kultura

Etxepare saria «Alex nire munstro-lagun on-ona» lanak irabazi du

GARA | IRUÑEA

Mikel eta Maite Gurrutxagak idatzia eta ilustratua, hurrenez hurren, «Alex nire munstro-lagun on-ona» izan da haurrentzako albumak sortzeko Etxepare sariaren irabazlea. Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleek, eta Mikel Valverde eta Aitziber Alonso ilustratzaileek osatutako epaimahaiak erabaki du neskato bat eta bere lagun ikusezinaren arteko harremana kontatzen duen istorioa saritzea. «Irudiei dagokionez, ausarta da», epaimahaikideen iritziz eta «xarma berezia lortzen du irudiaren eta idazkeraren arteko uztardura liluragarriarekin».

Guztira zortzi izan dira lehiaketara aurkeztutako egitasmoak, eta bakarra bertan banatutako saria; 6.000 euro jasoko dituzte sortzaileek, egile eskubideen aurrerapen moduan.

Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta Faktoria K de Libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galizieraz, 2010. urtean zehar.

Sariketatik bekara

Nafarroako hainbat toki erakundek, beren Euskara zerbitzuen bitartez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare literatura sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

2009an Etxepare beka izateari utzi eta sariketa bilakatu zen. Horiek horrela, lehiatu diren albumak bukatuta aurkeztu dituzte lehiakideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo