Hezkuntza «ereiteko», hilaren 13an Bilbon izateko deia egin dute kultura mundukoek
GARA
Hezkuntza «ereiteko eta biltzeko modurik politena» delako iritzian, kultura arloko hainbat lagunek Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) sustatutako Hezkuntza Deialdia babestu, eta dei egin zuten datorren larunbatean «Inposaketarik Ez! Euskal Herriak bere hezkuntza» goiburuarekin Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera.
Guztiak bertaratzeko beta izan ez zuten arren, hamahiru dira EHBEk bildu dituen esangura handiko atxikimenduak. Migrazioan aditua den Pello Albite; Koldo Zuazo hizkuntzalaria; Maite Aristegi, baserritarra; ikastolen sortzailea izandako Izaskun Gastesi; Floren Aoiz historialaria; Gose taldeko abeslari Ines Osinaga; Gotzon Barandiaran poeta; Maialen Iriarte eta Juan Mari Larrarte kazetariak; Pirritx eta Porrotx pailazoak eta Miren Amuriza eta Amets Arzallus bertsolariak; horiek eman diote babesa EHBEk egindako deiari.
Arzallusek idatzi du «Hezkuntza plazara, plaza eskolara» leloa daraman manifestua, atzoko ekitaldian irakurri zutena.
Lapurtarraren hitzetan, «gizakion patua dudaz betea dagoen bezala, euskaldunok nahi dugun hezkuntza mugaz betea dago». Bertsolaria kexu da «ilun» deritzon egoeraz; «dirua eta statu quoa defendatzen dituzten unibertsitateak ematen dizkigute, goitik behera eraikiak; jujeek erabakitzen dute zer ikasi eta irakatsi, eta Euskal Herriaren esanahia, erdaraz esplikatzera datozkigu orain». Alta, dena ilun ez dela erran eta egoera aldatzeko aukerak ikusten ditu: «Negua da. Baina berehala etorriko da berdatxea, udaberria hezkuntzara». Herritarrei dei egiten die «lurra goldatzera».
Hezkuntza, «etorkizuna sortzeko hazia», eta eskola bera, «landatu» beharrekoak direla nabarmentzen du bertsolariak. Euskalduntzen duen eskola; curriculum propioa; Euskal Herria oinarri izango duen unibertsitatea eta hezkuntza herritarra galdegiten ditu manifestuak eta horiek sortzeko elkartzeko deia egiten du, baita lehen hitzordua jarri ere: datorren larunbatean 17.30 Bilboko Areatzean.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko partaide diren eskola eta ikastola publikoetako gurasoek bat egin dute Hezkuntza Deialdiarekin eta larunbatean egingo den nazio manifestazioari ere babesa eskaini zioten Bilbon, euren seme-alabez lagunduta, eskainitako agerraldian. Gurasoak ere «hezkuntza komunitateko parte aktibo» direla berretsi eta azkenaldian ezarri diren lege, dekretu, itun eta neurrien aurrean, euren «ardura» erakutsi zuten, urteetan hezkuntza sistema propio baten bidean eman diren urratsak «kinka larrian» jartzen ari direla baiteritzote.
Alta, Euskal Hezkuntza baten aldeko jardueran, historian zehar gurasoen papera hil ala bizikoa izan dela defendatuta orain ere horrela jokatzeko deia egin dute. GARA