GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | DF bertsozale eskola

Txapelketaren eboluzioa, «kanpeoia»ren ikuspegitik

Konplikazio baten istorioa izan da, Andoni Egañaren aburuz, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren eboluzioa. Berak zabaldu zuen ostegunean Durangoko DF Bertsozale Eskola eta 30 «ikasle» inguruk adi-adi entzun zituzten maisuaren hitzak.

p050_f01_199x100.jpg

Ane ARRUTI

Zazpi aldiz finalista, lau aldiz txapeldun eta, aurkezpen lanak egin zituen Igor Elortzaren hitzetan, «aurtengo kanpeoi». Andoni Egañak inork baino hobeto ezagutzen du Bertsolari Txapelketa Nagusia eta azken urteotako bilakaera bilaketa moduan definitu zuen. «Bila gabiltza. Usadioa mantenduko da baina, sormenaren aldetik, emaitza onak ekarriko ditu bilaketa horrek». Adin ezberdineko 30 entzule inguru hurbildu ziren Durangora haren hitzak entzutera, tartean bertsozaleak, komunikabideak, bertsolariak, baita Kristina Mardaras, Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehenengo emakumea ere.

Hurrengo txapelketan bertsolariak barren-barrenetik kantatzera itzuli ziren, xehetasun izugarriekin azalduta, Euskal Herriaren egoerak eragiten zien tristuraren gainean. 2005ean, BECen egindako lehenengo finalean, gaia zabaltzera jo zen: «Aspaldiko partez, malkoak isuri zaizkizu». Pasa den abenduko gaia, berriz, zehatzagoa: «Kazetaria zara, badakizu zure azken artikulua idazten ari zarela.

«Newyorkizatuak»

Ildo horretatik, azken txapelketan «newyorkizatu» egin direla esan zuen. «New Yorkeko bat ez da hango, abokatu eta psikiatra bat dituen arte. Horixe izan gara: kazetari, argazkilari, abokatu, mediku... Telesail bat dirudi».

Hala ere, banakako gaiak «zehazte» aldera egin badute ere, binakako lanak planteatzeko modu «berritzailea» eman dela esan zuen: «Generorik ez da markatu eta horrek ezinegona sortzen du. Estrategiek sekulako garrantzia izan dute», eta Colina eta Gaztelumendiren politikarien arteko Gernikako saioa edo Lujanbio eta Lekueren Bergarakoa aipatu zituen.

Sentipenak azaltzen hasita, sekretuak ere aitortu zituen zarauztarrak. «Binakakoa ez nuen apenas prestatu baina banakakoa bai. Lau doinu neuzkan pentsatuta». Honakoak ziren: «Habanera» (Jon Maiak kantatzen zuen moldaketan), Bob Marley-en «Redemption song» (azken agurrean erabili zuena), Mikel Laboaren «Haize hegoa» eta «Haizea dator iparraldetik». «Igoal gehitxo -onartu zuen- baina ez nuen garbi ikusten zein gai mota etor zitekeen, zein bertsokera egin nahi nuen...».

Berritze, bilatze horien adierazgarri, txapeldunak plazaratutako Laboaren doinu berria, Jon Martinen estruktura berezidun Habanera, Iturriagak finalean dutxaren azpian iraulitako gaia... Adibideak, mila. Konplikatzen jarraituko duen istorioa, finean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo