GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Izaskun Guarrotxena Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarako Plataforma

2010 arrazoi martxan jarraitzeko

Patriarkatuaren kontrako borrokak biltzen gaitu. Euskal Herria nazio bezala onartua eta errespetatua den espazio honetan aukera bikaina daukagu geure errealitatea eta borroka beste herrialdeekin konpartitu eta ezagutarazteko

Goiburu hori du bost urtean behin ospatzen dugun Emakumeen Mundu Martxak bere hirugarren edizioan. Izan ere, 1998an Quebeceko emakumeek indarkeria sexistaren eta pobreziaren aurka indarrak batzeko dei globala egin zutenetik, bi arazooi emaniko erantzunak muga guztiak gainditu ditu. Arrazoiak ugari eta askotarikoak dira oraindik emakumeon egunerokotasunean.

Herrialde ugaritako emakumeok erantzun genion deialdi hari. 2000an Emakumeon Mundu Martxa lehenengoz abian jarri, eta mobilizazioak egin genituen Donostian, Bruselan eta New Yorken. Aitzakia horrekin, Euskal Herriko Plataforma ere martxan jarri zen nazioarteko aldarrikapenak geure egin eta kalera ateraz.

Lehenengo martxa ez zen ekimen puntual batean gelditu. Munduko txoko guztietako emakume eta talde feministak, bakoitza bere errealitatetik abiatuta, aldarrikapen berak oinarri hartu eta nazioarteko sarea osatu genuen. Bakoitzaren errealitatetik aldarrikapen komunak adosteko gai izateari polita eta aberasgarria deritzogu; jakinda, askotan errealitate horiek elkarren kontra talka egiten dutela.

Prozesu honetan bereziki azpimarragarria izan zen 2004an Ruandan burutu zen nazioarteko bilera. Orduko haren helburu nagusia Emakumeon mundu mailako Baloreen Karta osatzea izan zen. Eztabaida mamitsuak izan ziren esku artean genituen kontzeptu konplexu bezain garrantzitsuak kokatzeko orduan. Askatasuna, parekidetasuna, elkartasuna, bakea, justizia... hitzek ñabardura eta adiera asko dituzte, aipatzen dituenak bizi dituen baldintzen araberakoak.

Baldintzok oso desberdinak dira kontinente bakoitzean bizi garen emakumeon egunerokoan, baina sistema patriarkal beraren hatzaparrek estutzen digute guztioi lepoa. Ondorio gisa, sistema hau amaitu eta guztiontzako mundu desberdin bat eraikitzeko oinarrizko kontzeptuak baliatu genituen karta hura osatzeko.

Indarkeria sexista amaitzea zen lehentasuna afrikarrentzat; abortu eskubidea, lan duina... 50 bat herrialdetatik bildutako emakumeontzat gure bizi-baldintzak hobetzea jarri genuen helburu nagusitzat. Mundua aldatu nahi genuen eta hala nahi dugu gaur, egunez egun.

Baloreen Karta hura oinarri hartuta, Bigarren Mundu Martxa abiatu zen Brasildik 2005ean. Urte hartan errelebu martxak munduko txoko asko ukitu zituen Burkina Fason amaitu aurretik; haien artean Euskal Herria, hemen bizi garen askok gogoratuko dugun bezala. Urte hartako ekimen nagusia «elkartasun manta» osatzea izan zen, martxa igarotako herrialde bakoitzak gehitutako zatitxoz osatutako manta erraldoi eta koloretsua.

Martxen artean ere zer egina izaten da askotan, sistema patriarkalak ez baitu atseden hartzen. Horrela, Afrika, Asia, Europa eta Amerikako 163 herrialdetako 4.000 taldek baino gehiagok osatutako sareak elkarguneak eta ekimenak egiten jarraitu du. Honen adibide oso garbia dugu Euskal Herriko Emakumeon Eskubide Karta. Emakumeen Baloreen Karta oinarritzat hartuta, euskal emakumeon bi urteko eztabaidari esker sortutako dokumentu horrek mugarriak jarri eta etorkizunerako bidea markatu zuen, Euskal Herrian parekidetasuna lortzeko bidean moldatu beharreko alderdiak definitu zituen eskubide formatuan.

2008ko otsailean aurkeztu genuenean, kontziente ginen, eta gara, eskubide horietako asko lehendik ere idatzita daudela hainbat dokumentutan; beste batzuk, aldiz, ez. Baina eskubide horiek egiazko bihurtzeko bideak eta lanak arduratzen gintuen zehazki karta hori kaleratu genuenean.

Urte hartan bertan Mundu Martxako 3. ekimena diseinatu eta haren ardatzak eztabaidatzeari ekin genion Vigon. Lau lan ardatzetan kokatu genuen eztabaida: indarkeria, pobrezia, elikadura subiranotasuna eta bakea. Berriz ere kontzeptu konplexuok edukiz bete eta etxeko lanak egitera bueltatzeko ordua zen; 2010eko Mundu Martxa Euskal Herrian antolatzen hasteko ordua. «2010 arrazoi martxan jarraitzeko» manifestua eta Eskubide Karta eskuan hartuta, indar eta lagun berriak bilatzeari ekin genion gaurko eguna arte, Euskal Herriko errelebu martxaren atarian baikara.

Aurreko ekimenean emakumeok txandaka mobilizatu ginen, eta aurtengoan mundu osokoak aldi berean emango ditugu urratsak. Izan ere, patriarkatuaren kontrako borrokak biltzen gaitu. Euskal Herria nazio bezala onartua eta errespetatua den espazio honetan aukera bikaina daukagu geure errealitatea eta borroka beste herrialdeekin konpartitu eta ezagutarazteko.

Horregatik eta beste 2009 arrazoigatik, denak batera eta bakoitzak bere errealitatetik mundua eta sistema hau aldatzeko borroka egingo dugu. Emakumeon indarrez Euskal Herria, Mundu parekidea eraikiko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo