GARA > Idatzia > Euskal Herria

Analisia

Etorkizuna harrapatzeko sarea

  Trapezista sarea baino, armiarma sarea da Independentistak, poliki-poliki eratzen delako; baita hornidura sarea ere, independentismoa elikatu beharko duelako; eta arrantza sarea, noski, emaitzak lortu eta bildu behar dituelako.

GARA

Berria da independentisten arteko harremana sustatzeko jaio den Independentistak ekimena, eta berriztatzailea da erabiliko duen prozedura, sare gisa antolatu baita, antolamendu era klasikoak baztertuta. Aukera asko ematen duen tresna da sarea, hitzak hiztegian dituen esanahi ugariek erakusten duten bezala.

Azken hilabeteotan denon ahotan izan da «polo» kontzeptua, hitza bera higatzeko punturaino agian. Aurretik ere antzeko terminoak askotan entzun ditugu gurean: plataforma, mahai, bilgune, lan talde, auzolan... Horietatik guztietatik pixka bat izan lezake joan den larunbatean Donostian agertu zen Independentistak izeneko ekimenak.

Izena berria da, baina berriztatzaileagoa gerta daiteke hartu duen forma: sarearena, alegia. Tresna modernoa, inte- gratzailea, irekia eta anitza. Balio askotakoa izan daitekeena, sarea bera bezala.

Armiarma sarea da, esaterako, Independentistak. Izan ere, poliki-poliki joan da eta joango da eratzen, espiral formarekin. Lehenengo itzuliak eginak daude, baina haria segituz laster beste borobil batzuk gehituko zaizkiola aurreikus daiteke.
Inkesten emaitzei begiratuta, Euskal Herriko hiritarren heren bat-edo independentziaren aldekoa da, eta hori ez da gutxi legeek independentziaren aukera ezinezkotzat jotzen dutela kontuan hartuta. Hari horretatik tiratzeko, ia milioi bat lagun, beraz. Denbora ugari behar da horretarako, noski, ar- miarmaren pazientzia alegia.

Hornidura sarea ere izan daiteke Independentistak. Urarena, elektrizitatearena, odol zirkuituarena bezalaxe. Indepen- dentismoa bera elikatzeko, hain zuzen ere. Estrategia komuna, ibilbide-orri konpartitua, litzateke jakirik onena independentismoaren gorputz soziala areago sendotzeko eta aldarrikapena geldiezin bilakatzeko.
Gaur arte nor bere alderdian, sindikatuan, antolamenduan ibili da, askotan elkarri bizkarra emanez eta gehienetan elkarren arteko lehian indarrak xahutuz. Madrilen eta Parisen aurrean ahulezia itxura eman du horrekin euskal independentismoak, objektibotasunez begiratuta –zenbakiei erreparatuta– baldintza txarrenetan ere berez aldarrikapen indartsua den arren.

Sarean lan egitea ere ahalbidetzen du ekimenak, hau da, era irekian baina beti ere harremanetan. Bistan da asko emateko prest dauden independentista asko egon badaudela. Baina bistan da ekarpen murritzagoa egin dezaketenak ere badaudela, eta apur hauek ez direla alferrik galdu behar. Euskal Estatua sortzearen aldeko asko dago Euskal Herrian, zazpi lurraldeetan, baina baita Estatu espainolean eta frantsesean zehar sakabanaturik ere, bai eta Europan barrena ere, edo Atlantikoaz bestaldean. Badaude kalean, badaude kartzeletan, badaude erakundeetan, lantegietan, ikastetxeetan. Guztiak nolabait sarean jartzea falta zen.

Internet «sareen sarea» izanda, tresna oso baliagarria izango da ekimena sustatu eta hedatzeko, iragarri dutenez. Do- nostian aurkeztu ondoren, minutu batzuk aski izan ziren milaka euskal independentistek beren ordenagailuen bidez bat egin zezaten. Eta gaur egun dagoeneko milaka dira lagunak.

Arrantza sarea, nola ez, izan nahi du. Emaitzak lortu nahi dituelako: hasteko, independentziaren aukera ahalbidetu; eta horren ondotik, independentzia lortu. Horretarako, sare zabala izan behar du, baina ongi lotua, zirrikiturik gabekoa, itsasora botatzean arrainak erruz bil ditzan.
Horregatik, bereziki interesgarria da ikustea ekimenak ez duela sare hori soilik independentistekin josi nahi, agertoki demokratiko baten alde egin nahi duten guztiekin baizik. Jakin badakielako oraingo ur mugituetatik ezin dela gauza handirik atera.

Trapezista sarea ere izan litekeela pentsa lezake askok, denbora luzez soka gainean goi-goitik eta oreka oso zailean ibili den independentismoaren ariketetarako. Nabaria da bidearen zati handia egin duela horrela, arrisku ikaragarrien aurrean atzerapausorik eman gabe eta erortzeko batere beldurrik erakutsi gabe. Sarerik gabe, alegia.

Sare bat osatzeari ekin dio orain independentista askok. Ez da egurtasun sarea, bultzatzaileek argi utzi nahi izan dutenez. Baina izan daiteke, ezin da ukatu, independentistek aspaldi behar zuten tresna, behe-behetik ekiteko, jende andana biltzeko, arrazoiak pilatzeko, bide erosoago batetik urrats sendoz aurrera egiteko. Azken finean, sokaren beste muturreraino, independentziaraino, iritsi ahal izateko. 

COMPARACIONES

La red independentista tiene en siete días la mitad de los seguidores de Patxi López en un año y diez veces más que los de Iñigo Urkullu. Y el resultado de su arranque ha multiplicado por 30 la aparición de Mariano Rajoy en marzo de 2009.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo