AHTren lanetako bi indusmakina kiskalita agertu dira Zaratamon
Lakuak azaldutakoaren arabera, atzo goizaldeko ordu bietan gertatu zen Zaratamon bi hondeatzeko makina kiskali zituen sutea; Ertzaintza horiek erretzeko erabilitako sistema ikertzen ari da. Hainbat izan ziren, «garapena» eta «ongizatea» ahotan, egindako gaitzespenak.GARA|
Abiadura Handiko Trenaren lanetarako erabiltzen zituzten bi indusmakina erabat kiskalita agertu ziren atzo goizaldean Zaratamon, nahita piztutako sute baten ondorioz. Lakuako Barne Sailak jakinarazi zuenez, goizaldean, 1.50 inguruan, izan zuten sutearen berri.
Hainbat suhiltzaile talde bertara inguratu ziren arren, ezin izan zuten ezer egin obren eremu barruan zeuden bi makinetan kalteak ekiditeko. Ertzaintza, berriz, sua pizteko «eraso- tzaileek erabilitako sistema» aztertzen ari dela jakinarazi zuen Lakuak.
Goizean goizetik, berehala iritsi ziren ekintza hau gaitzesteko adierazpenak. EAEko lehendakari Patxi Lopezek, esaterako, ekintzaren erantzukizuna ETAri egotzi zion zuzenean eta azpiegitura erraldoia eraikiko dela ziurtatu zuen, «terroristek ez baitute Euskadiren garapena geldituko». Era berean, Lopezek Gasteizko Gobernuaren izenean langileei eta enpresariei bere babesa azaldu zien eta euren lanarekin «herria eraikitzen» ari direla defendatu zuen.
«Tren hau eraikiko da eta Espainiarekin zein Europarekin lotuko gaitu. Zentzugabekeria darabiltenen aurrean, askatasunaren ikur izango da AHT», esan zuen lehendakariak.
Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Mikel Cabiecesek ere sutea «eraso justifika ezina» dela esan zuen. Gainera, trena «euskal gizartearen eskaria asetzeko azpiegitura» dela baieztatu zuen eta «garapenerako funtsezkoa» dela. Horrela, Cabiecesek azaldu zuen Gobernu espainolak «egunez egun» AHTren eraikitzea posible egiten ari diren guztiei bere babesa ematen diela.
«Garapena eta ongizatea»
Rodolfo Ares Barne sailburuak ere ez zuen hutsik egin nahi izan atzo erasoaren aurkako gaitzespenean; are gehiago, indusmakinak erretzea terrorismotzat jo zuen. Hain justu ere, AHTren lanak ez dituela «terrorismoak oztopatu edo atzeratuko» ziurtatu zuen.
Ohar bidez, Aresek ekintzaren erantzuleei buruz honakoa esan zuen: «Laster atxilotutako terroristen zerrenda luzean sartu eta justiziaren eskuetan jarriak izango dira beren delituak espetxe zigorrarekin ordain ditzaten». Barne Saileko arduradunaren esanetan, abiadura handiko trena EAEren «garapena eta ongizatea bermatzen duen proiektu estrategikoa da».