GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Andorrako selekzioko aulkiko nagusiek euskaraz hitz egiten dute

Koldo Alvarez izango da aurrerantzean Andorrako selekzioko entrenatzailea. Atezaina izan da bera, eta aukera hau heldu zaio orain. Gasteiztarra da, baina emaztea hangoa duenez, berak ere naziotasun hori dauka. Justo Ruiz, hau ere gasteiztarra, 19 eta 21 urtez azpikoekin arituko da.

p038_f01_7431.jpg

Jon LEUNDA

Koldo Alvarez gasteiztarra da Andorrako futbol selekzioko entrenatzaile berria; eta Justo Ruiz, beste gasteiztar bat, 21 eta 19 urtez azpikoen entrenatzailea. Bien emazteak Andorrakoak dira, eta biek dute herrialde horretako naziotasuna. Biak, gainera, Andorrako selekzioan jokatutakoak dira, eta orain selekzioak zuzentzeko ardura izango dute.

Koldo orain dela hamabost urte heldu zen Andorrara, Andorra futbol klubean jokatzeko. Talde horixe da herrialdetik kanpo jokatzen duen talde bakarra, Espainiako Ligan ari baita. Une honetan Kataluniako lurraldeko Ligan ari bada ere, orduan Bigarren B Mailako talderik indartsuenetakoa zen.

«Ez nuen gertatu zaidana berehalakoan pentsatuko. Orduan denboraldi on bat egiteko asmoarekin heldu nintzen, baina gauzak erabat aldatu ziren. Gero Andorrako selekzioarekin jokatzeko parada izan dut, eta orain entrenatu egingo dut. Hau plazer handi bat da niretzat», dio gasteiztarrak.

40 urte beteko ditu aurten, eta pasa denboraldira arte aritu da futbolean. Azkeneko partida Wembleyn jokatu zuen Andorrako atea gordez, Ingalaterraren aurka. Orain, ordea, aulkitik zuzenduko du taldea.

«Federazioan presidente aldaketa egon da, eta horrekin heldu zait aukera. Uste dut lehenengo atzerrian ibili zirela begira, baina garbi dago Andorra berezia dela, eta hau ongi ezagutzen duen bat behar dela, eta orduan nigan pentsatu zuten. Ohore bat izango da niretzat», dio arabarrak.

Pasa den ekainera arte atezaina izan da, eta orain entrenatzailea. Andorra bezalako selekzio bateko atezaina izatea ez da erraza, baina entrenatzailea izatea ere ez. «Egia esan biak dira zailak, baina hau da daukaguna eta aurrera egin behar dugu. Jokalariei ahalik eta gehien atera behar zaie, gustura sentiarazi; izan ere, guretzat selekzio handi horien aurka jokatzea sekulakoa da. Partida hauek jokatzeak garrantzi handia dauka guretzat, eta hortik hasi behar da partida prestatzen», esaten du Koldok.

Pirinioetako herrialde txiki honek bi jokalari ditu goi mailetan jokatzen. Bata Ildefons Lima da, Espainiako eta Italiako Lehen eta Bigarren mailetako hainbat talde pasatu ostean, Suitzako Ligako Lehen Mailan ari dena. Bestea Bernaus da, eta bera Gironan ari da, Espainiako Bigarren Mailan. Horiez gain, badituzte Espainiako Ligako Hirugarren mailetan dabiltzan jokalari batzuk ere, baina gehienak Andorrako Ligan ari dira jokatzen.

«Behintzat ez dut alde batetik bestera joan beharko jokalariak ikustera. Lehendik ere ezagutzen ditugu kanpoan dabiltzanak, haiek dira gure ikurrak, eta bertan ari direnei egin behar zaie jarraipena», dio Koldok. Orain arte bere taldekide izan dituenak, orain entrenatu egin beharko ditu, baina horrek ez du kezkatzen: «Egia esan denok ongi ezagutzen dugu elkar, eta badakigu zer egin behar dugun. Denen artean egin behar dugu aurrera».

Helburua 2012ko Europako sailkapen fasean lan ona egitea izango dute. «Multzo zaila egokitu zaigu. Errusia, Eslovakia, Irlanda, Mazedonia eta Armenia egokitu zaizkigu, eta oso zaila izango da guretzat. Hortik, Mazedonia eta Armeniarekin aritu gaitezke lehian, eta horien aurka saiatu behar dugu punturen bat edo beste lortzen; besteen aurka, berriz, itxura ona ematea izango da gure helburua», dio Koldok.

Gazteekin

Bera baino urtebete zaharragoa da Justo Ruiz. Hau ere gasteiztarra da, eta biak, gainera talde berean hasitakoak, Aurrera Vitoria taldean. Biak batera heldu ziren Andorrara, eta orain biek zuzendu beharko dituzte selekzioak. Justo iaz hasi zen 21 urtez azpikoena zuzentzen, eta hemendik aurrera 19 urtez azpikoena ere zuzenduko du. «Urte bat eman dut 21 urtez azpikoen selekzioa zuzentzen. Presidente berriak karguan jarraitzeko esan dit, eta 19 urtez azpikoen ardura ere hartzeko eskatu didate, eta hau niretzat ohorea da», dio arabarrak.

Lehen taldeak bezalaxe, hauek ere ez dute lantegi erraza. «21 urtez azpikoetan esaterako, gure aurka aritzen diren selekzio handietako jokalaririk gehienak Lehen Mailan ari dira, eta aukeratzeko, berriz, sekulako jokalari pila dituzte. Guk, berriz, maila bakoitzean 30 bat futbolari ingurutik egin behar dugu selekzioa. Hala ere, lan polita egiten ari gara. Azkeneko partida berdindu egin genuen Faroe uhartekoen aurka», esan du. «Hau herrialde oso txikia da, baina gazte mailatan badaude jokalari oso interesgarriak, etorkizun ona dutenak», erantsi du.

Koldo alboan izateak ere poz handia ematen dio: «Biok Gasteizkoak gara, biok hasi ginen Aurreran, eta gero banatu ostean, orain dela hamabost urte batera heldu ginen Andorrara. Lagun onak gara, eta gure artean konfiantza handia dago. Proiektu oso erakargarria da», esan du Justo Ruizek.

Andorrak hobetzeko asko duela ere onartu du gasteiztarrak: «Begira, une honetan hiru futbol zelai ditugu, bitan belar artifiziala dago, eta bestean, belar naturala. Hor jokatzen dute talde guztiek, baita selekzioak ere, baina gutxi da. Gehiago behar dugu, eta selekzioak jokatzen duen zelaiak berritu bat ere behar du».

Estatuari ere bultzada bat eskatzen dio: «Azkenean Andorra oso txika da, eta gainera besteek dituzten abantailarik ere ez dugu. Hemengo naziotasuna hartzeko hemengo norbaitekin ezkondu behar duzu, edo 30 urtez bertan bizi. Beraz, azken horrekin ezinezkoa da futbolari batek hemengo naziotasuna hartzea. Herrialde askotan oso urte gutxi behar dira bertako naziotasuna hartzeko, eta ez txikietan bakarrik, handietan ere bai. Horrek selekzioari bultzada emango lioke. Izan ere, maila oso ona duen argentinar asko dago hemengo ligan, hemen urte dezente daramatzatenak, eta hemengo bizitzara erabat eginda daudenak. Horrelakoekin, ez dago dudarik selekzio hobea izateko aukera gehiago izango genukeela», esan du Justok.

Bertako jendeak selekzioa jarraitzen duela onartzen du: «Bertako naziotasuna barnean duenak, bertakoa denak, jarraitzen du selekzioa, baina hemen Portugaleko eta Espainiako jende asko bizi da, eta ez da dudarik Espainia eta Portugal gehiago jarraitzen direla, baina bertakoak estimatzen du Andorra. Gero, talde handiak datozenean, Kataluniara joan behar da jokatzera; hemengo zelaia ez dagoenez horrelako taldeak hartzeko prestatuta, ez dira hona etortzen. Beraz, horrelakoetan esan genezake Andorrak kanpoan jokatzen duela», onartu du 21 eta 19 urtez azpiko selekzioen entrenatzaileak.

Telebistak ere gero eta gehiago jarraitzen duela onartzen du: «Etxeko partidak normalean zuzenean ematen ditu, eta kanpoko batzuk ere bai, eta esan beharrik ez dago horrek ere asko laguntzen duela. Garrantzitsua da bertako jendeak selekzioa gertutik jarraitzeko», baieztatu du gasteiztarrak.

Jokalari gazteentzat ere Andorrako selekzion jokatzea ohore bat dela baieztatzen du: «Garbi dago jokalari batentzat garrantzitsua dela halako partidak jokatzea. 21 urtez azpikoetan, selekzio askotako jokalari asko Lehen Mailan ari dira, eta telebistatik-eta ikusten dituzte, beraz haien aurka jokatzea gauza polita da denentzat, eta hobetzen joateko ere benetan lagungarria da. Lehen aipatu bezala, guk ahal duguna egiten dugu, eta ez digute sekulako gol pila sartzen. 19 urtez azpikoetan ez dira horrenbeste jokalari Lehen mailetan ari direnak, baina talde handietan jokatzen dute, halere, eta polita da gure jokalarientzat horien aurka jokatzea. Azken batean, beraiek dira etorkizuneko selekzioa osatuko dutenak», esan du Justok. Bai Koldok, bai Justo Ruizek lan asko egin beharko dute, baina biek barrutik eta ederki ezagutzen dute Andorrako selekzioa, eta are garrantzitsugoa dena, maitatu ere bai, eta segur aski, lan ona egingo dute bertan. Oraingoz, bientzat, Europako selekzioen txapelketa prestatu eta hor emaitza onak lortzea izango da helburua.

Koldo da une honetan selekzio bat entrenatzen ari den euskaldun bakarra

Koldo da une honetan nazioartean ofizialki lehiatzea baduten selekzioetako bat gidatzeko ardura duen entrenatzaile euskaldun bakarra. Egia esan, azken hamarkadetan hori lortu dutenak ez dira asko izan. Batetik, Javier Clemente dago. Bizkaitarrak Espainiako eta Serbiako selekzioak zuzendu zituen orain urte batzuk.

Bestetik, Xabier Azkargortak ere zuzendu ditu selekzioak, Boliviakoa eta Txilekoa, hain zuzen. Iñaki Saezek ere izan du ardura hori, Espainiako selekzioa zuzendu zuen-eta. Gazteen selekzioei begiratuta, eta betiere nazioartean ofizialki lehiatzen uzten dieten selekzioei dagokienez, une honetan bi besterik ez ditugu aurkitzen. Alde batetik, Justo Ruiz, Andorrako gazteak zuzentzen ari den gizona, eta bestetik Karanka, bera Espainiako gazteekin arituko baita. Aurretik ere ez dira asko izan, Lopetegi eta Iñaki Saez, biak ere Espainiako gazteekin aritutakoak baitira.

«Guretzat ohore bat da hau. Selekzio bat, herrialdea den tamainakoa kontuan hartu gabe, zuzentzea ohore bat da, eta ikusita honelako selekzioak zuzentzen zenbat euskaldun aritu diren, eta une honetan zenbat garen, hau guretzat plazer eta ohore handi bat da. Orain, saiatuko gara geure lanak ongi egin, eta Andorrarekin emaitza onak lortzen», dio Justo Ruizek.

Lan asko izango dute aurretik bi gasteiztarrek, baina lan oso erakargarria da, dudarik gabe. Biak ederki ezagutzen dituzte paraje haiek, eta gainera bikain hartu ditu Pirinioetako herrialde txiki horrek, beraien selekzioa defendatzeko parada emanez. Euskaldunon selekzioari ofizialki lehiatzen uzten ez dieten bitartean, badugu bultzada eman diezaiokegun selekzio bat. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo