Pirinioak Partacua
«Jo ta ke» bidea Telerako kide berria
Lau euskal pirineistak Corona del Malloko (2.540 m, Telera) iparrean sortu dute marra berri bat. «Jo ta ke» (MD+) 550 metro luze da, eta 90º eta M6 zailtasunak ditu. Laukoteak izotz finarekin egin zuen topo.
Andoni ARABAOLAZA
Negu osoa daramagu esaten denboraldi hau nahiko aldakorra eta nahasia izaten ari dela. Pirinioetan, bederen. Bat-batean oso baldintza onak, eta handik egun gutxira oso kaskarrak. Joan-etorri ero horretan, guk dakigunez, bide berrien taldean mugimendu gutxi izan da. Batzuen batzuk marra hau eta bestea begiratzen, aztertzen edo buruz marrazten ibili dira, baina, kasu askotan, xedea bertan behera geratu da.
Beste kasu batzuetan, aldiz, «zoria» lagun izan dute, eta esku artean zuten helburua, bide berri bat sortzea, alegia, ixtea, sinatzea edo borobiltzea erdietsi dute. «Zorioneko» horien artean honako lau euskal pirineista daude: Ibon Azkune, Joseba Larrañaga, Enaitz Izagirre eta Iñigo Andola.
Bai, laukote honek aukera izan du Partacua mendizerran bide berri bat sortzeko. Corona del Mallo (2.540 m) mendian izan da, haren ipar aurpegian; hots, Telerako «jolas-eremu» nagusiaren ondo-ondoan.
Lau pirineista hauei, Telerako korridore ezagunetan jardun ondoren, zer edo zer berria eskaintzeko gogoa piztu zitzaien. Andolak GARAri adierazi dioenez, bazituzten hainbat helburu: «Astebete lehenago `Watade' korridorea eskalatzerakoan, Teleran bertan, bizpahiru balizko marra ikusi genituen. Horien artean duela hilabete sortu genuena zen luzeen eta interesgarriena iruditu zitzaiguna. Hala ere, aitortu behar dut oso fina ikusten zela. Irrikatzen geunden marra hura probatzeko, eta handik astebetera gerturatu ginen. Baldintza oso onak zeuden Teleran, elur oso gogorrarekin eta guzti».
Izotz fina
Justu hilabete pasa da (otsailaren 7an izan zen) helburu berrian sartu zirenetik. Xedea Telerako ohiko bidearen albotik ateratzen da. Hasteko, misto erraza eta erdizka transformatutako elur-izotzean hasi ziren eskalatzen. Ondoren, Andolak azaldu digunez, zailtasunak iritsi ziren: «Behetik oso fin ikusten zen, baina, behin tarte horretan, igotzeko moduan zegoen. Izotz xaflak eta mistoko pasarteak gainditu genituen, eta horiek bederen harkaitzean ondo aseguratzen ziren. Azken luze zaila falta zen. Arrokan zeharkaldia, beste izotz xafla bat zulatzea lortu genuen, eta bidean utzitako iltze bakarra han geratu zen. Gailurreraino eskalada lasaitzen da, eta azken metroetan oso baldintza onak izan genituen. Jaitsiera, ertz eta ondoko aldatsetatik egiten da».
Horrela amaitu zen «Jo ta ke» bidean izaniko eskarmentua. 550 metro eta MD+ (IV/90º, M6). Erabilitako materiala: 4 iltze, friend sorta bat (Cam2), micro beste sorta bat, fisuradore edo arteka-trabagailua eta 4 torloju.
Corona del Malloko ipar aurpegiko bide berria 550 metro luze da. Laukoteak honako zailtasunekin egin zuen topo: izotzean gehienez 90º eta mistoan M6.
Marra berria zabaldu duten euskal pirineista hauek diotenez, oso luze interesgarriekin egin zuten topo. Besteak beste, izotz xaflak eskalatu behar izan zituzten.