Amateurren binakako txapeldunen aurka jokatu arren, Waltari aterako da faborito
Jon LEUNDA
Agusti Waltarik desafioa jokatuko du gaur 17.00etatik aurrera Donibane Garazin amateurren binakako txapeldunen aurka, hots, Ohienarten eta Hegiabehereren aurka.
Kubatarrak orain dela bi aste irabazi zuen buruz burukoa eta datorren astean hasiko den binakakoaren aitzinetik jokatuko du neurketa zail hau. Izan ere, biko baten aurka jokatzeaz gain, trinketa ere kontuan hartu behar da, antzinako trinket horietakoa baita Nafarroa Behereko hiriburukoa, eta ez da amerikarraren jokorako aproposena.
Dena dela, txapelduna gogoz dago, azken aldiz, Garat trinketean irabazi baitzuen Superprestigioa ere, eta horrek konfiantza handia ematen dio.
Ohienart eta Hegiabehere amateurrak izan arren, inork ez dezala pentsa eskarmenturik gabekoak direnik, izan ere, Hegiabehere berezkoetan ere aritutakoa baita, eta, alde horretatik, eskarmenturik ez zaio falta. Ohienartek ere amateurretan punta-puntan urte asko daramatza, eta beretzat ere garrantzi handiko neurketa izango da.
Ez da dudarik konpromiso handiko neurketa dela Waltarirentzat, izan ere, biren aurka jokatzeaz gain, irabazteko baino galtzeko gehiago baitu. Garaipena lortzen badu, nahiz eta bikoaren aurka lortu, amateurrak ditu aurrean, eta aurkakoek hori aurpegiratuko diote. Galduta, berriz, galantak entzun beharko ditu, dirua bere alde aterako baita. Oraingoan ere, sakean egongo da gakoa, jokaldi horrekin asmatzen baldin badu, garaipena gertu izango baitu.