Arrikrutzeko uraren bideari segika, ama lurraren barrunbeak ezagutzen
Seigarren kontinentea deitu izan diote. Egia da gero eta gehiago ezagutzen dugula, baina oraindik ere estalaktitez, estalagmitez, animalia aztarnez edo labarrez hitz egitea arrotz egiten zaigu lurrazalean bizi garen gehienoi. Aukerak badira, ordea.
Ane ARRUTI
Antzinako ipuinetan, Lurra izaki biziduna da, emea eta arra. Eguzkia eta Ilargia, berriz, haren alabak dira eta, horren arabera, pertsonak lurraren azalean bizi garen inurriak baino ez gara». Horrela dio Oñatiko Arrikrutz haitzuloaren atarian hasten den kontakizunak, eta horrela sentitzen da bat, inurria bailitzan, gure planetak barruan ezkutatzen dituen paisaia erraldoien aurrean. «Baina gaur, kontuz-kontuz, Ama Lurraren barrenean sartuko gara. Ongi zaindu beharra daukagu milaka urtetan sortutako altxor hau».
Aukera horixe egin zuten atzo askok eta askok. Lehenengo aldiz, Kobazuloen Eguna ospatu zen, Euskal Herriko zortzi haitzulok bateratuta antolatutako lehendabizikoa, eta egun osoan, bisitari andana hurbildu zen Lurraren barrunbeek ezkutatzen dituzten sekretuak ezagutzera.
Zortzi horietako bat da Arrikrutz. Aizkorri mendiaren magalean kokatuta, Gipuzkoako multzo karstikorik handiena da eta Euskal Herriko luzeenetakoa. Aitzindarietako bat izan da espeleologia, arkeologia eta paleontologia azterketetan eta, lau urtez lanean aritu ondoren, 2007. urtean ireki da jendearentzat. Oñatitik Arantzazurako bidea hartu eta berehala topatuko dugu haitzuloaren sarrerara doan beheranzko aldapa mardula. Ibilgailua utzi eta hirurehun metro inguru oinez egin ondoren iritsiko gara kobaren atarira. Adin guztietako jendearentzat egokituta dago eta, beraz, ez da inolako prestakuntza berezirik behar bertaratzeko.
Garai bateko sarrera guztiz sedimentatuta dauka eta sabaia ere jausita dago. Baina errekak egindako ibilbidea jarraituz, «53. pasabidea» deituriko korridorean barneratuko gara, milaka urteetan urak utzitako artelanak ezagutzera.
Ura, benetako eskultorea
Arrikrutz-Oñatiko kobak Gesaltza-Arrikrutz sistema karstikoaren zati da, Jurasiko garaian, Behe Kretazioko (duela 154 eta 96 milioi urte) kareharri eta dolomietan garatutako barrunbea. Arantzazu eta Araotz auzoetan kokatzen da eta Madina harriaren lur azpian garatzen da. Hamalau kilometrotan eta sei pisutan banatutako elkar lotutako galeriek osatzen dute multzo karstikoa.
Teknologia berriek laguntzen digute bisitan zehar Arrikrutz hobeto ezagutzen. Txoko eta zirrikitu guztiez jabetzeko modu koordinatuan pizten eta itzaltzen diren argiez gain, zenbait geldialdi egiten dira ibilbidean eta aitona espeleologoak bere bilobari kontatutako ipuinak kobaren historia ulertzen laguntzen du, atmosfera berezia sortzen duen musikaz lagunduta. Naturako elementuek ere hartzen dute hitza: «Bi errekek moldatu dute nire barneko paisaia -dio Ama Lurrak berak-, Aldaola eta Arantzazuk. Antzina, pitzadura bat sortu zen, faila bat, eta urak nire barnean aurrera egin zuen».
Urak egindako «eskultura» naturalak benetan deigarriak dira Arrikrutzen. Karezko estalaktitek apaintzen dute ibaiak irekitako bidearen sabaia. Milaka urtetan sortu diren artelanak dira, «ehun urteko zentimetro bat luzatzen direla kalkulatzen baita. Tantaka-tantaka sortzen dira `makarroi' hauek: urak, zirrikituetatik sartu, eta kareharria disolbatzen du eta, gero, kaltzita hori gogortu eta zintzilik gelditzen da».
Bestalde, badira goitik behera egin beharrean, ezkerretara, eskuinetara, eta baita grabitatearen aurka egiten dutenak ere. «Ez dakigu zergatik, ez dakigu nola, eszentrikoak dira», azaldu zuen gidariak. «Teoria ugari dago, haize korronteengatik esaten zen, baina hemen ez dago haizerik... Oraingoz ez dago erantzunik».
Lehoiak eta hartzak
Baina Oñatiko kobek badute beste berezitasun bat. Bertan aurkitu zuten 1966an duela 30.000 urte hildako leize lehoi baten hezurdura. Harrigarriena, hezurdura oso-osorik dagoela da. Europan gutxi batzuk agertu dira eta hau da penintsulako bakarra.
«Bitxiena duen postura da -esan zuen gidariak-. Ezkerreko besoa buru azpian dauka. Hor ikusten da zertan zebilen kobazulo barruan, hibernatzera sartzen ziren, hortik hartzen du bere izena, haitzuloko lehoia, eta horretan zela, hil egin zen. Garrantzi handikoa da osorik agertu delako. Ez da normalena. Hezurrak agertu izan dira, haginak solte... Normalean hil eta gero sarraskijaleak sartzen dira, eta dena sakabanatzen dute. Gure teoria da bera sartu zen kobaren sarrera, sartu eta gutxira jauzi egingo zela eta harrapatuta gelditu zela». Bisitaldian ikus daitekeena ez da benetako hezurdura, erreplika bat baizik.
Bestalde, hartz-aztarnategi ikusgarria izan da Arrikrutz eta zer nolako animaliatzarrak bizi izan ziren konturatzeko, hartzama baten eta bere bi kumeren erreplikak ere topatuko ditugu. «Hiru metroko altuera eta mila kiloko hartzak ziren».
Orain bakterioak, pseudoeskorpioiak bezalako zomorro txikitxoak, onddo moduko bizidunak baino ez ditugu topatuko bertan, ekimen honekin lurpea ezagutzeko jakin-mina piztuta gero eta gehiago hurbilduko diren gizakiez gain.
Lurpeko turismoa
Lehenengo Haitzuloen Eguna Euskal Herriko zortzi koben artean sortutako ekimena da, orain bi urte elkartu ziren sei -Sorginen koba (Zugarramurdi), Urdazubiko leizeak, Sarako leizeak, Pozalaguako kobak (Karrantza), Mendukilo kobak (Lekunberri), Arrikrutz (Oñati)- eta joan den urtean batu zitzaizkien beste bi: Ekainberri (Zestoa) eta Kobenkoba (Karrantza).
Atzo egindako ekimenean sarrerak erdi prezioan izan ziren eta antolatzaileek guztiz positibotzat jo zuten, izan ere, normalean baino bisita kopuru dezente handiagoa izan zuten gehienek. Jende askok sartu ezinik bueltatu behar izan zuen etxera lekurik ez zegoela eta. Guztien informazioa www.lurpea.com atarian aurki daiteke.