GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jose Antonio Pagola «Jesus, hurbilketa historikoa» liburuaren egilea

Nire lagun apaizei

Adiskideok: Lehenengo eta behin, hunkituta nagoela esan nahi dizuet. Jesusi buruzko nire liburuaren inguruan gorde dudan isilaldia eteten badut, solidaritatezko zuen besarkadagatik da, aho batez eta benetan eskaini didazuen besarkadagatik zuei eskerrak emateko. Ez dut inoiz ahaztuko. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuet zeuen atxikimendua eta laguntasun osoa niri adierazten ari zareten guztioi, fededun izan nahiz fedegabe. Nire esker ona guztioi.

Banan-banan zuen izenak irakurtzean, urteetan elkarrekin aurrera eraman izan dugun hainbat ahalegin eta lan, hainbat proiektu eta egitarau pastoral gogora ekartzen aritu naiz; Kontzilioak egindako deiari erantzun nahi izan genion irrika biziz eta gogo beroz; gure zerbitzua eta ebanjelizatze-ekintza sakon-sakonetik eraberritzera dei egin zigun, hain zuzen, Kontzilioak.

Ez zen lan erraza izan. Geure teologia eguneratu behar izan genuen, fedea herriarekin batean ospatzen ikasi, gizon-emakume laikoekiko ardurakidetza biziberritu, eta geure herriaren arazoak, istiluak eta sufrimenduak elkarrekin bizi barrutik. Egindako lan hori ez da alferrikakoa izan. Karl Rahner teologo ospetsuak zioen, Kontzilioa «hasieraren hastapena» besterik ez zela izan.

Inoiz ez bezalako aldaketa soziokulturala gertatzen ari den une honetan, elkarrekin ibilitako bide horri esker gai gara ulertzeko, inoiz ez bezalako konbertsioa egin beharrean dagoela Eliza. Konbertsio honek badu bere izena: Kristoa eta gure Jauna den Jesusengana itzultzea, Eliza egiaz eta leialki Jesusen pertsonagan eta Jainkoaren erreinuaren asmoan zentratua egon dadin gero eta gehiago.

Ikuspuntu honetatik, Jesusi buruzko liburua idazteak badu bere garrantzia, baina hori gertaera igarokorra da. Benetan erabakigarria indarrak batzea da funtsezkoa den gunera itzultzeko, Jesusek bizi izan eta kutsatu zuenera itzultzeko. Gure koldarkeriagatik, bihotz-nagikeriagatik edota oharkabetasunagatik Jesusen Espiritua gure artean itzaltzen ez uztea, alegia. Guztiok lagundu dezakegu Eliza Jesusenagoa eta Elizaren aurpegia Jesusenaren antzekoagoa izan dadin.

Ez dakigu nolako etorkizuna izango duen kristau-fedeak gure artean. Hogei mende besterik ez du kristaudiak eta, seguru asko, Jesusek ez du oraindik bere onena eman. «Inolako itxarobiderik ez dagoenean nire biziaren euskarri izan den Harengan itxaropen izaten jarrai dezadan» niri animoa emanez bukatzen duzue zeuen gutuna. Hori da niretzat opa dezakezuen gauzarik onena. Nire begiak berarengan jarririk, aurrera egiten eta lanean jarraituko dut. Ez nuke asmatuko bestela bizitzen. Besarkada handi bat zuen adiskidetasunagatik. Eta gauza bat esan nahi dizuet: berreskurarazi didazuela irribarrea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo