GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Sanferminetako museoaren proiektua

Sanferminetako museoaren proiektua aspalditxoan ikusi nuen prentsan, bere garaian, iragarri zutenean. Horrekin esan nahi dut oraintxe bertan ez ditudala gogoratzen ongi bere xehetasun guztiak, baina zenbait gauza funtsezko bai, ongi gogoratzen ditut. Alde batetik, badakit proiektu hau UPNren aspaldiko gai izar bat dela; bestetik, oso garestia dela, eta, azkenik, oso handinahia izan nahi duela.

Ni, printzipioz, ez naiz horrelako gauza eta eraikuntza erraldoien oso zalea, eta gutxiago oraindik krisi ekonomiko larri hauen garaian, eta oso oker ez banago, proiektu honek horixe izan nahi du, besteak beste, berealdikoa eta garestia.

Bestalde, Iruñeko udalbatzako oposizioko alderdi guztiek kritikatu dute aipaturiko proiektua, eta jende gehiagok ere bai; hori arrunt adierazgarria da, baina, hala eta guztiz ere, erabat seguru nago UPNk, kosta ahala kosta, aurrera eraman nahiko duela bere proiektua, bakarrik gelditzen bada ere. Argi eta garbi dago UPN aspalditik obsesionatuta dagoela bere obra faraonikoekin. Bere iritziz, Iruñeko irudirik eta ispilurik hoberena munduaren aurrean, sanferminetako irudia da, baina bere moduan ulertua eta inposatua, jakina: entzierroak, zezenketak, museoa, eta abar.

Jarraian esan behar dudana badakit ez dela politikoki oso egokia eta populista, batez ere iruindar peto-petoentzat. Sentitzen dut, baina ni beganoa naiz eta ikuspuntu horretatik ezin ditut inola ere onartu zezenketak, animaliak torturatzen eta hiltzen direlako, beren haragia jan, eta abar. Entzierroak, beharbada, onar nitzake, betiere zezenei ez baldin bazaie oso tratu txarrik ematen.

UPNk museo horretan xahutu nahi duen dirutzarekin makina bat gauza askoz gizalegezkoagoak eta gizatiarragoak egin eta bultza litezke, batez ere gizarte mugimendu, auzoetako kolektibo eta jende xehearen iritziak gogoan hartuko balituzte.

Laburbilduz, UPNk inposatu nahi duen proiektuari ezin diot eman nire oniritzia, Iruñeko herritar multzo handi baten iritzia gutxiesten duelako -horrek ez dirudi oso demokratikoa- eta, maila pertsonalean, nire funtsezko printzipio batzuen aurka jotzen duelako zuzen-zuzenean.

Beste balio batzuk ere landu litezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo