Hautagai berria, egitasmo zaharra, Kolonbiarako
Kolonbiako presidente Alvaro Uriberen alderdiak maiatzaren 30eko hauteskundeetarako hautagaia izendatu zuen atzo, eta ezin esan Juan Manuel Santos izendatu izana ezustea denik. Santos bera hautagaitzarako prest agertu zen; hala ere, prest agertzea baino meritu handiagoak ditu Batasun Nazionaleko Alderdi Sozialaren apustu izateko. Izan ere, Santos Defentsa ministroa izan zen eta, besteak beste, bi gertakarik famatu zuten nazioartean. Bata 2008an Ekuadorko lurraldean Kolonbiako Armadak egin zuen bonbardaketa; Raul Reyes FARC gerrillako buruzagia hil zuten bonbardaketa hartan eta Kolonbia eta Ekuadorren arteko haustura diplomatikoa eragin zuen. Bestea, Uriberen Gobernuak truke humanitarioa zapuztu zuenekoa; Armadak FARCeko gerrillariek bahitutako hainbat pertsona -Ingrid Betancourt tartean- askatu zituen, horretarako Gurutze Gorria makurki erabilita, erakundeak berak salatu zuen bezala. Ibilbide hori nahikoa argigarria ez balitz bezala, Santos hautagaiak bere gobernu egitasmoa jakinarazi du: Uriberen ondarea bere egin eta hobetu nahi du. «Bakea eta lasaitasuna» bermatu nahi dituela dioenean, ordea, errepresioaren bideari eutsiko diola ulertu behar zaio; «oparotasun demokratikoa Errepublika osora zabaldu nahi» duela dioenean, berriz, bidegabekeria ikaragarriek eta demokraziarik ezak Kolonbian nagusi iraungo dutela.