GARA > Idatzia > Ekonomia

Anbulantziek lanuzteak egingo dituzte berriz ere, Lakua eta enpresekin hitz egiteko ezintasunagatik

Nerea GOTI | BILBO

«Patronalak negoziazio mahaia utzi» zuenetik hilabete bat igaro denean, eta Lakuko Gobernuak erakutsi duen «pasibotasunak» bultzatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako anbulantzia pribatuetako langileek beste 10 greba egun egingo dituzte, ELA eta LAB sindikatuen deialdia jarraituz. Lanuzteak martxoaren 24, 25 eta 26an eta 29, 30 eta 31n eta apirilaren 6, 7, 8 eta 9an.

Kaltetu zuzenak, erabiltzaileak, izan zituzten gogoan anbulantzietako langileek. Barkamena eskatu zieten grebek eragiten dituzten eragozpenengatik, eta horren erantzukizuna Gasteizko Gobernuko Osasun eta Lan sailena dela nabarmendu zuten, «ez dutelako irtenbide bat bilatzeko ezer egiten».

ELAko eta LABeko ordezkariek sektoreak bizi duen «impasse egoera» salatu zuten. Nabarmendu zutenez, langileak negoziatzeko prest daude, Lakuak azpikontratatzen dituen enpresek, aldiz, ez dute hitz egin nahi. «Aurreko bost greba eguneko deialdiaren aurrean mahaitik altxatu zen patronala» eta hilabete geroago berririk ez dutela azaldu zuen Alberto Kurto anbulantzien sektoreko negoziaziorako LABeko arduradunak.

Horrekin batera, Lakuak duen jarrera ere nabarmendu zuten. «Ez zuen ezer egin eta 2.000 erabiltzaile kaltetu ziren greben ondorioz», azaldu zuen. «Gasteizko Gobernu honek nahiago du langileak hitzarmenik gabe edukitzea eta erabiltzaileak kaltetzea, alde biak negoziatzera jesarraraztea baino», salatu zuen Kurtok. Egoera horri aurre egiteko, lanuzte gehiago deitzea beste erremediorik ez dutela izan esan zuen.

Hurrengo 10 greba eguneko deialdiaren aurrean, Lakuak dagokion eran jokatzea espero dutela esan zuten, eta Lan Sailarekin batzartzeko aukera izatea, orain arte hainbatetan «atea jo» eta ez baitute inolako erantzunik izan, atzo zehaztu zutenez.

Hitzarmen «erregresiboa»

ELAk eta LABek sektoreko %56tik gorako ordezkaritza dute anbulantzia pribatuen sektorean hiru herrialdeetan dauden 1.500 langileen artean. Azaldu zutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeetarako hitzarmena onartzen dute, baina ez eskubideak galtzearen truke. Sindikatuen iritziz, patronalak egiten duen eskaintza «erregresiboa» da arlo sozialari dagokionez.

Adibide bat aipatzearren, sindikatuek nabarmendu zuten onartezina dela langile batek anbulantzia gidatzen gidabaimeneko puntuak galtzen baditu, enpresak lan egindako urte bakoitzagatik 20 eguneko ordainsaria emanda kaleratu ahal izatea. Langileak gidabaimenik ez duen bitartean, birkolokatzea eskatzen dute, eta atzera baimena berreskuratutakoan lehengo lanpostura itzultzeko aukera izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo