Euskaltzaindiaren Azkue sariak, oso-osorik nesken eskuetan
Euskaltzaindiak 2009ko Azkue Literatur Sariak banatu zituen atzo Bilbon duen egoitza nagusian, narrazio zein olerki lanetan 11-18 urte bitarteko nesken lanak nabarmenduta. Akademiak gainera, webguneko Literatura Ataria aurkezteko ere baliatu zuen ekitaldia.Anartz BILBAO | BILBO
Bilboko Plaza Barrian duen egoitza nagusian, Euskaltzaindiak 2009ko Azkue Literatur Sariak banatu zituen atzo, Andres Urrutia euskaltzainburua bertan zela.
Sariak bi generotan, olerkiak eta narrazioak, eta bi adin tartetan banatzen dira (11-14 urte artekoa bata eta 15-18 urte artekoa bestea). Gaztetxoenek Yolanda Arrieta, Antton Irusta eta sarien berri eman zuen Igone Etxebarria izan dituzte epaimahaian, eta nagusienek, Joseba Butron, Ibon Egaña eta Jabier Kaltzakorta. Azken honek eman zigun irabazleen berri, lan sarituen pasarte batzuk eta azalpen finak irakurrita.
Aurten guztira 219 lan aurkeztu dira sariketara, eta neska eta mutilen parte hartzearen ehunekorik ezagutzen ez dugun arren, ez da gizonezkorik ageri sarituen artean -iaz bakarra izan genuen, Iruritako Aritz Urrutia-. Beraz, sari guztiak neskek eskuratu zituzten, eta horien artean, gipuzkoarrak izan ziren nagusi.
A mailan (11-14 urte artekoak), narrazio alorreko lehen saria Mikela Atxoarena arrosarrak erdietsi zuen «Zoritxarreko sekretua» lanagatik. Lapurtarrak gainera, olerkietan bigarren saria eskuratu zuen, «Gau beltza» idatzita. Eta antzera, narrazio sailean bigarren saria eskuratu zuen Maialen Akizuk -«Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu» lanarekin- sari nagusia lortu zuen olerki alorrean «Nire herria» poesiarekin -«Betikoa» olerkia ere argitaratuko diote, aipamen berezia jasota-. Urretxuarra gainera iaz ere sarituen artean izan genuen. A mailan ere, June Ugalde lezoarrak narrazio saileko 3. saria lortu zuen «Koaderno txikia» idatzita eta Lorea Solana abadiñarrak gauza bera olerki alorrean, «Maitasun izpiak» olerkiarekin. Narrazioekin bukatzeko, Kanboko Oriane Aiestaranen «Ur, itsasoaren sortzea» ere argitaratuko dute, aipamen berezi bat jaso zuen-eta.
B Mailari dagokionez, (15-18 urte artekoak) Nerea Izagirre zumaiarrak narrazio alorreko lehenengo eta hirugarren sariak eskuratu zituen «Korapilo bako soka» eta «Zure ispiluaren ximurrak» idatzita eta Amaia Iturriotz urretxuarrak bigarren saria, «Euria» lanarekin. Goiuri Unanue oriotarraren «Ipuin bat ordubetean izkribatzeko» lanak aipamen berezia jaso zuen. Eta olerkietan, Leire Arenas azpeitiarrak lehen eta bigarren sariak lortu zituen «Flora» eta «Txorien jauzi ttikiz» poesiengatik -iaz «Betiere» olerkia saritu zioten- eta Nerea Ibarzabal markinarrak hirugarren saria jaso zuen bere 16. urtebetetze egunean, «Musika» lanagatik.
Sariak banatzeaz gain, hemendik aitzina Euskaltzaindiaren web orrian izango den Literatura Ataria aurkezteko baliatu zuen Akademiak atzoko ekitaldia.
Literatura Ataria
www.euskaltzaindia.net/literatura_ataria gunea hiru ataletan banatuko dute (Azken berriak, Literatura Terminoen Hiztegiaren bertsio digitala eta Sariak) eta besteak beste, bertan plazaratuko dituzte Txomin Agirre Eleberri Sariak, Felipe Arrese Beitia Olerki Sariak, Toribio Altzaga Antzerki Sariak eta Mikel Zarate Saio Sariak eskuratzen dituzten lanak, baita atzo banaturiko Azkue Haur eta Gazte Literaturan saritutakoak ere.