GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pauso «kualitatibo eta historikoa» da Euskal Curriculumaren garapena

Euskal Curriculumaren garapen prozesua eta ebaluazioa azaldu eta proiektua «pena merezi duen erronka berria» dela ziurtatu dute Ikastolen Elkarteko Xabier Garagorri aholkulari pedagogikoak eta Mikele Aldasoro Curriculumaren arduradunak XVII. Jardunaldi Pedagogikoetan.

Zuriñe ETXEBERRIA |

«Curriculumak dekretu bidez etorri dira beti eta inoiz ez gaituzte kontsultatu. Euskal Curriculuma, aldiz, prozesu aberats baten ondorioa da», azpimarratu zuen atzo Gasteizen Xabier Garagorri Ikastolen Elkarteko aholkulari pedagogikoak. «Aldaketa sakonak dakartzan erronka baten aurrean gaude», gaineratu zuen Mikele Aldasoro Ikastolen Elkarteko Curriculum arduradunak.

Garagorri eta Aldasoro ordubetez aritu ziren atzo Gasteizen Euskal Curriculumaren garapen prozesuaz eta ebaluazioaz. Hain zuzen ere, XVII. Jardunaldi Pedagogikoetako lehenengo hitzaldia eman zuten elkarrekin.

Lehenik eta behin, Xabier Garagorrik sarrera txiki bat egin zuen, Euskal Curriculumaren garapen fasea hasi zenetik urte batzuk igaro direla gogora ekarriz. Ostean, Mikel Aldasorok garapen prozesuaren ardatza den ikasleen irteera profila aztertu zuen. Azaldu zuenez, oinarrizko hezkuntza bukatzen denean zer-nolako ikasleak lortzea espero dugun zehazten du ikasleen irteera profilak.

«Ezaugarrien adierazpen argi, uniboko eta partekatua da profila, baita modu koordinatuan lan egiteko erreminta ere», gehitu zuen Aldasorok. «Gezia jaurtitzen dugunean badakigu nora joan nahi dugun», laburbildu zuen Curriculumaren arduradunak.

Euskal Curriculumarena egiten den lehen saiakera dela ere gogora ekarri zuen Xabier Garagorrik. «Herri bezala honelako hausnarketarik egin gabeak ginen orain arte. Dekretu bidez heltzen zitzaizkigun irizpideak aplikatzen genituen soilik. Inoiz ez gaituzte kontsultatu. Euskal Curriculuma, aldiz, prozesu aberats baten ondorioa da. Gizarte zibiletik sorturiko ekimena izan da eta, ondorioz, harro egoteko arrazoiak egon badira», nabarmendu zuen Garagorrik. Horiek horrela, pausu «historiko eta kualitatibotzat» jo zuen derrigorrezko hezkuntza bukatukoan Euskal Herriko gazte batek zer jakitea nahi dugun definitu izana.

Aldi berean, Euskal Curriculumak aldaketa «sakonak» dakartzala azpimarratu eta irakasleen lanari erreparatu zioten Garagorri eta Aldasorok. Nabarmendu zutenez, irakasleek «ekarpen oso garrantzitsua» egiten dute ikastaroen bidez; izan ere, ikasleei pentsatzen, ikasten, komunikatzen, norbera izaten, egiten eta ekiten irakasten diete.

Jarraian, «pena merezi duen erronka berri baten aurrean» gaudela adierazi zuen Aldasorok eta ziur agertu zen erronka horri aurre egiteko gauza izango direla. Euskal Curriculuma hezkuntzan aplikatzen bada ere, gizartean bertan ere aplikatzearen alde agertu zen Garagorri. Gainera, kultur eragile askok ekarpenak egin ditzaketela ere baieztatu zuen. «Herri bizia eta aberatsa da hau eta eragileen ekarpenak jasotzea egiteko dagoen zerbait da», adierazi zuen.

«Berritu eta hobetu»

Garagorri eta Aldasororen hitzaldiarekin atzo Gasteizko Europa Jauregian hasitako XVII. Jardunaldi Pedagogikoek hamaika lagun bilduko dituzte ostegunera bitartean. «Berritu eta hobetu» lelopean, hainbat adituk konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik Euskal Curriculumean ebaluazioak duen funtsezkotasuna aztertuko dute. Ez bakarrik konpetentziak neurtzeko orduan duen garrantziagatik, baita erakundearen funtzionamenduaren eta emaitzen hobekuntzari neurria hartzerakoan duen garrantziagatik ere.

erronkA

Euskal Curriculumaren proiektua «pena merezi duen erronka» dela eta erronka horri «aurre egiteko gauza» izango direla nabarmendu du Mikele Aldasorok.

jArdunaldiak

Osteguna bitartean, Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntzari Buruzko XVII. Jardunaldi Pedagogikoak burutuko dira Gasteizen «Berritu eta hobetu» lelopean eta hainbat adituren partaidetzarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo