GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

izotz eskalada Zailtasun gorena

Dave MacLeod, Eskoziako marrak astintzen «Nuit Blanche» mitikoarekin liluratuta

Alpinista eskoziarrak Ben Neviseko «Anubis» bidearen lehen neguko igoera egin du, eta XII gradua proposatu du; bertako eskalan zailtasunik gogorrena. Glen Coen, berriz, Andy Turnerekin «The Tempest» muturreko marra (X, 9) sinatu berri du.

p052_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Urtero legez, Eskoziako marra izoztuetan mugimendu oparo eta interesgarria izaten ari da. Eta zailtasun gorenaz edo bide oso gogorrez hitz egiten badugu, Dave MacLeod eskalatzailearen izena burura datorkigu ezinbestean. Beste behin, eskoziarra fin dabil, eta, azkenaldiotan, goi mailako jarduerak egiten ari da.

Otsailaren 20an, adibidez, «Anubis» izeneko bidearen lehen neguko igoera sinatu zuen. Ben Nevisen dagoen marra hau berez katuoinekin eskalatzen da; izan ere, horrela zabaldu zen. Bertako eskalan (eskalada tradizionalean) E8 6c da, eta gurean 8a+ arriskutsua.

Baina MacLeodek beste urrats bat eman nahi izan du marraren historian, eta, aurreratu dugunez, pioletarekin eta kranpoiekin eskalatu berri du. «Anubis» neguko baldintzetan eskalatu eta jarraian, XII gradua proposatu du; hots, Eskoziako neguko jardueretan gogorrena.

Ben Neviseko zailena

220 metroko bide hau duela bost urte kateatu zuen eskoziarrak, eta arestian aipatu dugun zailtasuna proposatu zuen. Oraingoan, neguko baldintzekin borrokatzea egokitu zaio: «Erabateko konpromisoa eskatu dit. Goiko aldean dago bidearen gakoa. Luze hori eskalatzen hasi eta ordubete beranduago, besoak leher-leher eginda nituela, plaka batean sartu nintzen. Amaiera aldean nengoen. Azken asegurua oso urrun zegoen. Aurretik hiru segundo nituen benetako irtenbidea lortzeko edo metro askoko erorketa izateko. XI graduko beste bide batzuk (besteak beste, `The Hurting' eta `Don`t die') eskalatu ditut, eta uste dut `Anubis' koska bat gainetik dagoela».

Goi mailako ekarpen hau egin eta gero, MacLeodek Ben Nevisetik Glen Coe alderdira egin zuen salto. Andy Turner sokakide zuela, «The Tempest» bidea kateatzea erdietsi zuen.

Marra hau Neil Greshamek zabaldu zuen 2001ean. M9 bezala aurkeztu zuen, baina Greshamek erabilitako estiloak kritika ugari jaso zituen. Izan ere, aseguruak aldez aurretik jarri eta soka gainetik zuela eskalatu zuen.

Turner eta MacLeodek, berriz, estilo garbiagoa erabili dute. Hots, aseguruak eskalatzen ari ziren bitartean jarri zituzten eta ez ziren top-ropean igo. Hori bai, teknikoki bide oso zaila igo dute. Sokadarentzat «The Tempest» bideak X,9 zailtasuna izan dezake.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo