GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joxe Iriarte «Bikila» Idazlea

Basamortuaren higadurak

 

Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetatik itzultzen naizen bakoitzean, adierazten oso zailak egiten zaizkidan sentimendu kontrajarriek talka egiten dute nire bihotzean. Alde batetik, poza (bertako senideekin igarotako egunetan zer edo zer aldatzen delako ene barruan), eta bestetik arrangura (gure bizimodua eta haiena konparatzeak sortzen didan egonezina), eta batez ere amorrua (hain garbi ikustean urteak joan eta urteak etorri, saharar herriaren egoera politiko-soziala geroz eta petralagoa dela).

Izan ere, kataklismo edo gizakiaren interbentzio bortitz baten ordez, badirudi natura (mendiak edo basamortuko paisaiak, eta zer esanik ez ibaiak eta itsasoak) aldagaitza dela. Baina ez da horrela. Bertatik ikusita, natura, pertsonak edo gizartea etengabe aldatzen ari dira onerako edo txarrerako, edo bietarako.

Saharar herriarentzat Marokok antolaturiko martxa berdea izugarrizko kataklismoa izan zen. Herri kolonizatua izatetik herri okupatua izatera pasa zen. Eta Espainiaren menpean gaizki baziren, Marokoren menpean okerrago. Eta diktatura frankistaren aurka hasitako erresistentzia eta borroka armatuaren lehen urratsak okupatzaile berriaren aurkako gerra luze eta mingarri bihurtu behar izan zituzten. Mingarria, sahararrentzat batez ere. Napalm bonbardaketetatik eta errepresiotik ihesi zihoan herri xehea zaindu eta, aldi berean, borroka armatua bultzatu behar duen herri batentzat arazoa askoz zailagoa eta gogorragoa baita. Eskerrak Aljeriaren laguntza izan zutela haren lurraldean kokatu ahal izateko. Baina, herri nomada, errefuxiatu bihurtu zen. Eta, hala ere, gai izan ziren militarki askoz indartsuagoa zen etsaia hitzarmenera behartzeko.

Une hartan garaipen izugarria izan zen lortutako hitzarmena, zeinean autodeterminazio eskubidea onartzen baitzitzaien, antolakuntza nola egin adostu behar bazuten ere. Baina ez zuen iraun. Maroko berehala hasi zen oztopoak altxatzen eta, okerrena, deskolonizazio prozesuaren ustezko babesleak zirenek, Nazio Batuen erakundeak eta espainiar Estatuak, batez ere bigarrenak, ustel eta zuri jokatu zuten. Batzuek igeri egin eta arropa zaintzea deitzen diote joko horri, baina nik hitz gordina, traizioa, erabili nahi dut. Interes geoestrategikoen eta batez ere ekonomiken morrontzapean eginiko traizioa.

Aberatsek ondasun metaketarekin sorturiko pobreekin nola, hala jokatzen ari dira bai Espainia bai Nazio Batuak giza laguntzarekin, horrela estaliz eta mozorrotuz beren zurikeria. Hori bai, karitatea egiten duten aldi berean, Marokori armak salduz eta arrantza ustiaketan parte hartuz. Alegia, sos ziztrin batzuk eman eta milioika lapurtu, hori da errealitatea. Espainiar edo euskaldun bihotz onberok, ematen dieguna ematen diegula, saharar herriarekiko zordun izaten jarraituko dugu... gutxienez independentzia lortzen duten arte!

Hala ere, ez dezagun gehiegi goraipatu gure elkartasuna. Sahararrei beharrezkoa zaie hemendik bidaltzen zaiena, baina, gauza gutxi batzuk kenduta, bidaltzen dena bigarren edo hirugarren eskukoa da. Garraioak ikusi besterik ez dago.

Bestalde, zer egiten dugu geure gobernarien, enpresarien eta armadoreen jukutrien aurrean? Espainiako Gobernuak eskuak libre ditu Marokorekin nahi duena sinatzeko; Granadan egun hauetan egin dutena ikusi besterik ez dago. Gure armadoreak eta arrantzaleak lasai arraio ari dira saharar arrantza lekuetan. Eta Marokorekin negoziatzen duten gure enpresak, antzeko, ala ez? Monarkia hiltzaile eta kolonizatzailearekin tratuetan dabiltzanak ere haren bidegabekerien erantzule bihurtzen dira.

Laguntza gizatiarraren behar gorrian daude sahararrak. Baina ororen gainetik laguntza politikoaren beharrean daude. Laguntza politikoak esan nahi Estatuko hauteskundeetan, hauteskunde autonomikoetan zein udal hauteskundeetan ezin diegula boto txar bat ere eman marokoar monarkiarekin tratuetan dabiltzanei. Ez duela balio udaletan edo Jaurlaritzan edo modu pertsonalean sahararren alde egin eta gero gobernura heldu eta sahararrak izorratzeak. Hots: Odon Elortza eta Donostiako Udala oso ondo portatzen dira sahararrentzako giza laguntza ematean, baina huts egiten dute Zapaterori aurre egiterakoan. Elkartasun politikorik gabeko laguntzak karitatearekin zerikusi gehiago du justiziarekin baino. Eta sahararrek justizia behar dute gauza guzien gainetik.

Sahararrak bake gaizto eta maltzur batean harrapaturik daude, eta denbora kontra dute. Basamortuko haize gaiztoak (riag entinak) min handia egin arren, latzagoa da egoera politikoak herri zoragari honi eragiten dion kaltea. Hara joan gara korrika egitera eta familiarekin eginak egitera. Sufritu eta gozatu egin dugu beraiekin, baina ez da nahikoa. Ez horixe...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo