GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Erasun gazteak Zalduaren aurka jokatuko du apustua

Aurtizkoa eta Zumarragakoa maiatzaren 9an neurtuko dira, eta bakoitzak 10 kana-erdiko moztu eta ondoren 10 kilometro egin beharko ditu korrika.

 

Jon LEUNDA

Ander Erasunek Xabier Zalduaren aurka jokatuko du apustua maiatzaren 9an. Kirolari bakoitzak 10 enbor kana-erdiko moztu eta ondoren 10 kilometro egin beharko ditu korrika. Desafioa Tolosan edo Azpeitian jokatuko da, oraindik ez dago zehaztuta, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu dirutan.

Baldintza horietan jokatzeko bota zuen desafioa pasa den astean Erasunek, eta bota zuenean zalantza dezente sortu ziren, izan ere, 10 kilometro korrika egite horrek bat baino gehiago atzera botako zuela uste baitzen. Astean zehar, ordea, Arria V.ak iragarri zuen herenegun iluntzerako jarritako zitara agertuko zela, eta errezildarrak ez zuen hutsik egin, baina gehiago ere agertu ziren.

Zaldua, Arria V.a, Rekondo eta Kañamares agertu ziren Aurtizkoarekin desafioa jokatzeko asmoarekin, baina Zumarragakoa izan zen bertaratzen lehena, eta horrelakoetan gertatzen den moduan, lehenengo iristen denarekin hasten da hizketan desafioa bota duena, eta berarekin, Zalduarekin alegia, heldu zen akordiora.

Garbi dago desafioak berriro ere modan jarri direla, eta hori baieztatzeko herenegun gauerako jarrita zegoen hitzorduak izan zuen erantzuna ikusi besterik ez dago. Beraz, litekeena da apustu hori ez izatea uda baino lehen jokatuko den azkena. Oraingoz bi jokatu dira. Hilario eta Mieltxo Mindegiak Andiarenaren eta Mariezkurrenaren aurka jokatutakoa eta Otaegik Txikonen aurka jokatutakoa. Mendizabal eta Olasagasti hilabete honetan neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo