GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Waltarik eta Etxetok txapela lortzeko hautagaitza aurkeztu dute

J.L.

Waltari eta Etxeto dira Binakako Txapelketa irabazteko faborito nagusiak, eta atzo horixe baieztatu zuten Sorhuten eta Ozafrainen aurka 40 eta 33 irabazita, oren bat eta 25 minutu pilotan aritu ostean.

Ez zen jende gehiegi batu Armendaritzeko trinketean, eta segur aski joan ez zirenak damu izango dira, partida oso ona eta orekatua izan baitzen. Lehen hamalau kintzetan Sorhuet eta Ozafrain aitzinetik izan ziren, baina hamalaugarren tantoan berdinketa lortu zuten, eta hortik aitzinera beste zortzi berdinketa gehiago izan ziren. Azkenekoa 32-32koa izan zen, eta hortik aurrera faboritoak hobeto aritu ziren, freskoago bai, behintzat; hala, amaieran ongi merezitako garaipena lortu zuten. Waltarik saketik lau kintze egin zituen, eta bi besterik ez Sorhuetek.

Beste partida herenegun ilunabarrean jokatu zen Saran, eta hura ere oso partida polita atera zen, nahiz eta han ere ez zen jende gehiegirik batu. Amaieran Biellek eta Harizmendik 40 eta 35 hartu zituzten mendean Ibarrola eta Ducassou, nahiz eta dirua azken hauen alde atera zen hasieratik.

Partida oso ona izan zen, lau pilotariak oso maila onean aritu ziren, baina azkeneko txanpara Bielle eta Harizmendi hobekiago heldu ziren, eta horrek erraztu egin zien garaipenerako bidea. Partidak 70 minutu iraun zituen. Ibarrolak bost kintze lortu zituen saketik, baina bi falta ere egin zituen; beraz, aurkariei bi tanto oparitu zizkien. Biellek ere lan ona egin zuen sakearekin, zazpi kintze batu zituelarik hasierako jokaldiari esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo