GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Sei Nazioak

Eskuetan du txapela Frantziak Italia espero bezain erraz menderatu ostean

J.L.

Frantziak Sei Nazioak irabazteko urrats garrantzitsua eman zuen atzo Italia 46-20 menderatuta. Horrenbestez, garaipena lortzea bere esku du orain, Ingalaterrak ez baitzuen irabazterik izan herenegun. Garaipena lortu zuen Irlandak, aldiz, aukera gutxi batzuk baditu oraindik. Azken jardunaldia datorren asteburuan jokatuko da, eta etxean arituko da Frantzia Ingalaterraren aurka; garaipena nahikoa du txapela eskuratzeko.

Frantziaren eta Italiaren artean alde handia dago, eta atzokoan oso azkar ikusi zen hori, azkar aurreratu baitziren markagailuan etxekoak, eta oso eroso, agian erosoegi, aritu baitziren. Azkenerako jokoa lasaitu ere egin zuten, aurkaria zapaltzea ez baita polita izaten, eta horixe izan baitzen atzo gertatu zena.

Bigarren zatiko hamabigarren minuturako 46-6ko emaitza erakusten zuen markagailuak, eta hortik aurrera etxeko taldeak jokoa erabat lasaitu zuen. Hala, datorren asterako probak egiteko ere erabili zuen neurketa, ordurako dena erabakita baitzegoen. Hain zuzen ere, horixe baliatu zuen talde italiarrak markagailua apur bat itxuratzeko.

Sei Nazioak irabazteaz gain, Grand Slama ere lor dezake Frantziak. Grand Slama partida guztiak irabazten dituen taldeak lortzen du, eta frantziarrei azken partidan garaipena lortzea besterik ez zaie geratzen. Atzoko partidan, euskal taldeetako hiru jokalari aritu ziren. Imanol Harinordokik partida osoa jokatu zuen Frantziarekin, eta Yachvili bigarren zatian zelairatu zen. Bi jokalari horiek Biarritzekoak dira. Avirongo Peruginik partida osoa jokatu zuen Italiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo