Enplegua %0,2 jaitsi zen eurogunean 2009ko azken hiruhilekoan
GARA |
Euroguneko herrialdeetan enplegua %0,2 jaitsi zen iazko azken hiruhilekoan. Epe horretan 347.000 pertsonak galdu zuten lanpostua. Europar Batasun osoan jaitsiera antzekoa izan zen, %0,3koa, hau da, 583.000 pertsonak galdu zuten lanpostua urria eta abendua bitartean, Eustat Europar Batasuneko estatistika bulegoaren datuen arabera.
Horrenbestez, urte amaieran, Europar Batasuneko 221 milioi langilek enplegua mantentzen zuten. Eurogunean, 144,3 milioi ziren.
Lituania eta Eslovenia
Europar Batasunean Lituania (%-2,6) eta Eslovenia (%-1), izan ziren enplegu gehien galdu zituzten herrialdeak. Jarraian Estatu espainola eta Grezia daude, biak %0,8 jaitsierarekin.
Estatu espainolean hiru hilabete horietan izan zen enplegu jaitsiera 2009ko aurreko hiru hiruhilekoetan baino motelagoa izan zen: %2,5; %1,3 eta %1,5.
Sektoreen arabera, Eraikuntza sektoreko enpleguak %0,4 egin zuen behera eurogunean eta %0,7 Europar batasunean; Industrian %,1,1 eta %1 jaitsi zen eta Garraioan eta Komunikazioetan 0,5 bi guneetan.
Finantza zerbitzuetan enplegua %0,1 jaitsi zen eurogunean, baina %0,1 igo zen Europar Batasuneko herri guztiak kontuan hartuta.
Igoerak
Alderik onena Zerbitzuen sektorekoa izan zen, enplegua duen pertsona kopurua %0,2 igo zelako bai eurogunean bai Europar Batasunean.
Halaber, Nekazaritzan enplegua, %0,5 igo zen eurogunean eta %0,1 EBn.
Aurreko urtearen aldean, enplegua %2 jaitsi zen eurogunean eta %2,1 Europar Batasunean.
Urteen arteko jaitsiera honek bere horretan dirau, hirugarren hiruhilekoan ere antzekoak izan zirelako (2,2% eta 2,1%).
«Suspertze ekonomikoa ahula da eta oraindik ez du lortu enplegua sortzea», esan zuen Amadeu Alfataj Ekonomia eta Diru Gaien saileko eledunak.