GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Zoratzen duena, zoragarriena

Edonor «zoratu» izan du inoiz buruan habia egin duen ideia baten joan-etorriak, eta hura oraindik gertatu gabekoa bada, are gehiago «zoratu» duen seinale garbia izaten da. Errealitateak gorpuztu ez duena da buruan arrastaka dabilen hori. Gaur bai, bihar ez eta etzi ez daki, baina egunero ematen du zeresana, edo zer pentsatua.

Zalantzari eta beldurrari ondo eusten die. Haiek baliatzen ditu egia bihurtzearen kontrako borrokan, jo eta su ideien artean mantentzeko temati jarduten du. Eta, bitartean, «zoramenak» bere lanean darrai. Hau egin eta hura pentsatu, hura pentsatu eta bestea egin, baina beti irudimenaren eremu barruan, helmugak eta aduanak errespetatuta, marra gorria zeharkatu gabe.

Bere deia jaso zuen. Aspaldian ez zuen entzun bere ahotsaren eztia, kasik ahaztuak zituen atzean utzitako telefono dei luzeak. Harriduraz erantzun zion deiari eta are harrituago utzi zuen beste aldean zegoenak egindako proposamenak. Eta berriro loratu ziren zalantzak, beldurrak eta ideia hark buruan gordetzen zizkion guztiak.

Behingoagatik, denak atzean uztea erabaki zuen ordea. Proposamenari baiezkoa eman eta denborari bere lana egiten utzi zion; burua zuri eta bihotza hotz. Agian ez zegoen guztiz ziur, baina behin betiko egoera hartatik irten eta geruza berri batera igotzeko gogoak bultzatu zuen pauso bat harago joatera. Azken batean, bizitzak berdina izaten jarraituko zuen, baina kolkoan gordetzeko beste altxor baten jabe bilakatuko zen aurrerantzean. Atea zabaldu eta itxi, eta tarte batera ireki zuen berriro; irten zen gizasemea ez zen pertsona bera. Kate berriei lotuta jaitsi zen igogailuan. Kalean, denak berdin jarraitzen zuen. Iratzargailuak goizean goizetik esan dio eguna argitu duela. Eguzkiak gogor jotzen du leihoaren beste aldean eta zirrara esnarazi du beregan, ahoan irribarre laranja jantzita. Ideia gorpuztu du azkenean eta zoramenak zoragarri aldatu du ikusmira. Funtsean, ametsa egia bihurtu da. Noiz gorpuztuko dituzu zureak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo