GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu espainolak iritzia emateko eskubidea bahitu duela salatu du Erkiziak Madrileko Auzitegian

p013_f03_088x136.jpg

GARA

Tasio Erkiziak Auzitegi Nazional espainolean deklaratu behar izan zuen atzo inputatu gisa. Baltasar Garzon epailearen bulegoan, hain zuzen ere. Ezker abertzaleko kidearen kontra salaketa jarri zuen Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarrak, gerra zikinaren ekintza batean hildako ETAko militante Jose Miguel Beñaran Argalari 2008an Arrigorriagan egindako omenaldian parte hartu eta «terrorismoa goratzea» egotzita.

Fiskalak eta Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarraren ordezkari legalek ez zuten inongo neurririk eskatu Erkiziaren kontra eta militante historikoa libre atera zen epaitegitik. Hogei bat minutuz iraun zituen ezker abertzaleko ordezkariaren deklarazioak eta ez zituen elkarte ultraeskuindarrak egindako galderak erantzun.

Ekitaldi politikoa

Hedabideen aurrean adierazpenak egin zituen Erkiziak Madrileko Auzitegi Nazionalera sartu aurretik, eta Argalaren omenez antolatutako ekimena «ekitaldi politikoa» izan zela nabarmendu zuen.

Ezker abertzaleko kidea kritiko agertu zen bere aurkako akusazioekin. Azaldu zuenez, Arrigorriagako ekitaldian «egoera politikoaren analisia egin» eta bertan bildutako militanteak «herriaren alde lan egiten jarraitzera» animatu zituen.

«Estatu espainolak iritzia emateko eskubidea bahitu du eta euskal independentistak jazartzen ditu», salatu zuen. Ezker abertzalearen apustua Euskal Herrian «prozesu demokratiko» bat abiaraztea dela gogora ekarri zuen, eta nabarmendu zuenez, «aukera politiko guztiek baldintza berdinetan aurkezteko aukera izan behar dute» eta «edozein motatako indarkeriarik gabe eta kanpoko esku-hartze barik» garatu behar da.

Estatuari galdera

Ildo horretan, Gobernu espainolari zuzendu zitzaion «elkarrizketa eta negoziazioaren» aldeko neurriak har ditzan. «Estatuari luzatzen diogun galdera ondokoa da: Euskal Herriaren iritzia errespetatzeko prest zaudete? Prozesu demokratiko bat bultzatzeko asmoa duzue, zeinetan alderdi eta agente guztiek hitza izango duten eta akordioetara hel daitezkeen?», itaundu zuen.

Orain arte PSOEren Gobernuak ezker abertzalearen apustuari emandako erantzuna «errepresioa» izan dela salatu zuen Erkiziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo