GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHTk hauteskundeetan eragina izan duela aldarrikatu du CADEk

AHT trenbide berriari buruz biztanleriak duen iritzia neurtzeko hauteskunde egunean zortzi herritan egin ziren erreferendumak arrakastatsutzat jo ditu CADE kolektiboak. Eskualde hauteskundeetara bozkatzera joan ziren biztanleen %85ak eman zuten iritzia erreferendumean, eta %92 agertu zen AHTren kontra. Bestalde, hauteskundeei begira kolektiboak eman zituen boto-kontsignek bozketan eragina izan dutela ere azpimarratu dute.
p018_f02_148x112.jpg

Idoia ERASO |

«Biztanleriak gure eskaera entzun du. Hori ikusten da AHT-ren aldeko alderdi politikoen zerrendek izan duten beherakadan. Aldi berean, trenbide berriaren kontra dauden zerrendek gora egin dute. Bestalde, EAJ dago, AHTri buruzko iritzi argia ez zuena eman». CADE kolektiboko bozeramaile Victor Pachonek, adierazpen horren bidez, eskualde hauteskundeak baino lehen AHTren kontrako kolektiboak biztanleriari eman zizkion boto-kontsignek izan duten eragina aztertzen du.

«Trenbide berriaren trazatura hurbildu ahala, gure kontsignak aintzat hartuak izan direla ikusten da», azaldu zuen Pachonek. Alderdi politikoek adierazi iritziaren arabera, CADEk zerrenda bat eratu zuen: batetik, Alderdi Sozialistari, UMPri eta Front Nationalari bozik ez emateko eskatzen zuen; eta bestetik, Euskal Herria Bai, ekologisten bi alderdiak eta NPA dira AHTren kontrako iritzia argi eman dutenak.

Igandean izango den bigarren itzuliari begira, CADEk, aurretik jakinarazi bezala, ez du «boto-kontsignarik» emango. Hala ere, PS eta Europe Ecologieren arteko itunean gaiari buruzko beste ikerketa bat egitea hitzartu badute ere, horren garrantzia hutsala dela azpimarratu zuen CADEk, «gure iritzia berretsi duten bi azterlan independente egin dira jada».

Erreferendumak

Biztanleriak AHTri buruz duen iritzia agertzeko erreferendumak egin zituzten joan den igandean, hauteskundeak baliatuz, Ahetze, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Biriatu, Senpere eta Urruñan. Landetako Saint Martin de Seignanx herrian ere azpiegituraren gaineko iritzia emateko aukera izan zuten.

2004ko hauteskundeetan eta joan den igandean egin ziren erreferendumak kontuan izanik, orotara, 15.400 pertsonek eman dute AHTren gaineko iritzia, haren kontra argi agertuz. Igandean bozkatu zutenen artean %92ak ezezkoa eman zion.

Bozketa hauek duten garrantzia nabarmendu zuen CADEko bozeramaileak: «Erreferendumei esker orain ez dira banakoak eta elkarteak bakarrik AHTren kontra daudenak, herriak baizik. Bere burua demokratatzat hartzen duten horiek jakingo dute beren trenbidea pasarazi nahi badute indarraren bidez izanen dela, kontrako iritzia argia baita trazatuak zeharkatzen dituen herrietan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo