GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Palestinarren estrategien arteko talka

Atzo, Haserrearen Egunaren biharamunean, Hamasek Intifadarako deia berretsi zuen, Jerusalemen judutzearen aurka. Palestinaren Askapenerako Herri Frontea ere herri matxinadaren alde agertu zen, «estrategia alternatibo baterako eta nazio lidergo bateraturako bidea» zabaldu dezakeelakoan. Al Fatak, ostera, Israelek AEBei egindako itsuskeriaren ondoren, egoera baretu nahiko luke Israelen eta AEBen arteko harremanen une txarra aprobetxatuta negoziaketei ekiteko, AEBen presioa areagotuko litzatekeela uste dute eta.

Palestinarrei ez zaie Intifadarako motiborik falta. Gazako blokeoa, Zisjordaniako koloniak hedatzea, Jerusalem ekialdean 1.600 etxebizitza eraikitzeko asmoa, etengabeko probokazioak -esaterako, oraindik orain Al Aksako mezkitatik oso gertu sinagoga bat inauguratu izana-... Hala ere, eta Intifadarako arrazoiak ezkutatu ezinik, ez dirudi, antolaketa eta egitura egokirik gabe, horrelako matxinada aurrera ateratzeko aukera handirik, baldintza egokirik dagoenik. Baina Palestinako Aginte Nazionalaren apustuak ere ez du ezer lortzeko berme sendorik eskaintzen; aitzitik, bide horri heldu izan diotenean, Israel beti atera izan da garaile. Horra, beraz, palestinarren bi estrategien arteko talka, palestinarren arteko banaketa, eta onuradun bakarra: Israel.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo