GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Zakur kiratsa

 

Sekulako usaina izaten du nire izebaren etxeak. Sartu orduko antzeman daiteke han zakur bat bizi dela, ile asko duen horietakoa. «Hau kiratsa zakur malapartatu horrek uzten duena», esan ohi diot, baina hark sudurra zimurtzen du: «Ez dut ba nik deus txarrik usaintzen». Alta, gurera etortzen denean katuaz kexu izaten da izeba, katuaren txiza usaina jasan ezinik. Neu izaten naiz orduan sudur-hegalak zabaltzen dituena: «Zure haluzinazioak dira, izeba!».
 
Nori bere zokoko kiratsa jasangarriagoa zaio, ohituraren indarraz jasangarri. Eta halakoxea da gure herrietan peskizan dabiltzan poliziekiko sentitzen duguna ere: ohitu gara. Luneta beltzaz mozorrotuta ikusten ditugu, ilea autotxoketako handiputzen gisara moztuta, sorbaldak zabal eta burua txiki, eta ia kasurik egin gabe pasatzen gara, ohituraren ahanzturaz. Baina hor daude, eta gogoan ez baduzu laster freskatuko dizute akordua, poliziek nabarmentzeko duten modu polizial eta basatian.
 
Galdu zenean bagenekien non zegoen, edo behintzat, nola zegoen: hilik zegoela, alegia. Ez zen zaila asmatzen. Fiskal txit agurgarriak keinu serioaz ikerketak egingo zituela agindu zuenean, betiko eman genuen galdutzat. Ez baitute parekorik fiskalek. Gezurrak esaten. Orain kasualitatez agertu da, kamillero batek Ricard edaten polizia lagun bati taberna-zuloko kalakan zerbait esan ziolako. Ospitalea handiegia zen, edo gorpu txikiegia. Inork ez zekien ezer. Nire izebak bezala: sudurra zimurtuta ere, alferrik.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo