GARA > Idatzia > Mundua

Lege hutsuneez baliatuz «torturatzeko tresnak» salerosten direla salatu du AIk

Amnesty International-ek «Hitzetatik ekintzetara» txostenean, Europako enpresek legediak dituen hutsuneak tratu txarrak emateko tresnen salerosketarako baliatzen dituztela plazaratu zuen atzo. Europar Batasuneko estatuei arautegia egoki aplikatu ez izana egozten die.

Ruben PASCUAL

Europako enpresek EBko legediak dituen hutsuneez baliatuta, «oinazegailuak» eta polizia indarrek erabili ohi duten materiala nazioarte mailan salerosten dituztela salatu zuen atzo Amnesty Internationalek (AI).

«Hitzetatik ekintzetara» txostenean, giza eskubideen aldeko taldeak torturatzeko tresnen -hormara lotzeko eskuburdinak edota presoei deskarga elektrikoak ematen dizkietenak kasu- nazioarteko salerosketan parte hartzea leporatu zien konpainiei.

Omega Research Foundation-ekin elkarlanean egindako txosten horretan adierazten denez, 2006an polizia materialak eta torturatzeko eta tratu txarrak emateko tresnen salerosketa kontrolatzeko arautegia indarrean jarri zen arren, 3 urte geroago oraindik ere irregulartasunak sumatzen dira.

Lege horiek torturatzeko tresnak nazioartean saltzea debekatzen zuten eta tratu txarrak emateko erabili ohi diren bestelako materialen nazioarteko merkataritzari mugak jartzen zizkion.

«Giza eskubideen aldeko erakundeek hamar urtez eginiko kanpainaren ostean, `torturatzeko tresnen' merkataritzaren gaineko kontrolak ezarri izana, arau juridiko historikoa izan zen», azaldu zuen Nicolas Berger Europar batasuneko AIren Bulegoko zuzendariak Europar Batasunean, «baina kontrol horiek indarrean jarri eta hiru urtera, hainbat estatu europarrek ez dute arautegia aplikatu edo ez dute era zuzenean betearazi».

Polizia, Armada eta Segurtasun Transferentzien inguruko AIko lan taldeko zuzendari Brian Woodek honakoa azaldu zuen: «2006az geroztik, hainbat estatu kidek, Alemaniak eta Txekiar Errepublikak esaterako, arma eta poliziak erabiltzen dituen materialen esportazioa baimendu dutela baieztatu dugu eta, gainera, material horiek bidalitako bederatzi herrialdetan tortura aplikatzeko erabiltzen dituztela egiaztatu dugu».

Estatuek bete beharreko beste arau bat publikoki esportazioen berri ematea da eta, Woodek zehaztu zuenez, zazpi herrialdek baino ez dute bete hori. «Estatu batzuek arautegia ez dutela serio hartzen uste dugu».

Legea betearaztea helburu duten tresnen saltzaileek «tratu txarrak ematea beste erabilpenik ez duten tresnak» saltzea ahalbidetzen dute egungo legediak dituen hutsuneek txostenaren arabera; Estatu espainoleko eta Italiako saltzaileak aipatzen ditu.

Michael Crowley Omegako ikertzaileak herrialde guztien lankidetza eskatu zuen legea betetzeko orduan, «tortura desagerrarazteko hartutako konpromisoaren parte bezala».

GAUR EZTABAIDAGAI

Amnesty International erakundeak argitaratutako txostena gaur eztabaidatuko dute ofizialki Bruselan Europako Parlamentuko Giza Eskubideen Azpibatzordean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo