GARA > Idatzia > Kultura

Euskaltzaindiaren «Erlea» literatur aldizkaria lorez lore dabil, Euskal Herritik Irlandara eta buelta

Iazko urrian aurkeztu zuen Euskaltzaindiak «Erlea», Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen aldizkaria. Eta bigarren alea aurkeztu zuten atzo, bidaian jarraitzen duena, Irlandara joan-etorria egiteko.

p048_f01_148x064.jpg

A. BILBAO | BILBO

Bernardo Atxagaren gidaritzapean eta Pamiela argitaletxearen bitartekaritzarekin, Euskaltzaindiak «Erlea» literatur aldizkariaren bigarren alea aurkeztu zuen atzo, lehengoa euskal «Far West»-ari eskaini ostean.

«Erlea» aldizkariak «batera dakartza kultura eta sorkuntza», Andres Urrutia euskaltzainburuak aipatu zuenez, eta «gaurkoa gureganatzera dator». Eta bigarren aleak, «batetik berrikuntzak dakartza eta bestetik atalak finkatu ditu» Atxagaren esanetan.

Aldizkaria bi lagunen oroitzapenak ireki eta ixten du; orain gutxi zendutako Juango Zearreta Euskaltzaindiko langilearenak eta Joxemiel Bidador euskaltzale nafarrarenak.

«Erronka nagusia bidaia da», esan zuen Atxagak, Irlandari eskaini alea St. Patrick egunean bertan aurkeztean. Eta «portutik itsaso zabalera» egiteko asmoz, norabide bietan gauzatzen da bidaia, «gurea munduan ezagutarazi eta mundukoa gurera ekartzeko» asmotan -euskal kultura beti barruko kalan gelditzen den kezka agertu zuen Atxagak-. Eta «Erlea» aldizkariaren zuzendariak onartu zuenez, «apustua egin eta oso goian egongo zen argitalpena nahi zutenez», joan etorriko bidaiarako, besteak beste, 1995. urtean Literatura Nobel Saria jaso zuen Seamus Heaney gonbidatu dute aldizkarian parte hartzera. Baita Paddy Woodworth euskaltzalea ere, irlandar poesia hautatu batzuk emateko -Patxi Ezkiagaren itzulpenean-.

Marino Lejarreta

Bitxikeria gisa, aurreko alean Mikel Laboaren objektuei egindako elkarrizketak Marino Lejarreta du jopuntuan Zumetak egindako azala daraman alean honakoan.

Aldizkariaren atal guztiak eta bertan parte hartu duten idazleak aipatzean, pozik agertu zen Atxaga, «guztiek lagun jokatu eta lana gogoz egiten dutelako», eta oraindik euskal idazle guztiei deitu ez diela onartu bazuen ere, ahots ezberdinak nahi dituela-eta egingo duela aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo