GARA > Idatzia > Kultura

«...egunarekin» bigarren diskoa kaleratu du Laurobak, instrumentalagoa eta landuagoa

Gaueko kontuetan aritu zen bere lehenengo diskoan laukote donostiarra eta, «lo sakon baten ondoren», egunaren argitan loratu da Laurobaren disko berria, landuagoa eta instrumentu gehiagorekin jorratua.

p050_f01_096x096.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

«Gauari gauarekin» izan zen laukote donostiarrak kaleratutako lehen lana, eta hari jarraipena ematen diona izango da salgai gaurtik aurrera «...egunarekin» (GOR) izenburupean. «Lo sakon batek dakarren atseden eta freskotasunaren ondorio dira abesti hauek», taldekideek atzo Donostian agertu zutenez. Hamahiru kantuz osatua, Lorentzo Recordsen grabatutakoa da egitasmo berria. «Hau gure bigarren diskoa da, lehenengoaren ildo beretik doana musikaren eta gaien aldetik. Denbora gehiago hartu dugu abestiak landu eta egiterako orduan, eta diskoa grabatzerako garaian ere instrumentu gehiago sartu ditugu, teklatuak, akustikak eta saxofoia tarteko. Emaitzarekin gustura gaude, nahiko disko landua lortu dugulako», esan zuen Iker Laurobak. Laukoteak jarraikortasuna landu du disko berrian. «Lehenengo diskoaren bigarren zatia dela esan daiteke, `...egunarekin' izenburua aproposa zela iritzi genion, eta horregatik jarri dizkiogu hiru puntutxoak lehenago, jarraikortasuna mantentzeko», gaineratu zuen. Melodikoki estilo berdintsua mantentzen dute eta «Lauroba izaten» jarraitzen dutela berretsi zuten. Gaiek ere jarraikortasuna izan dute lanean, maitasuna nagusi izanda, nahiz eta umoreari lotutako kantuak ere gaineratu dituzten.

Kontzertuak eta promozioak

Diskoa gaur jarriko da salgai Euskal Herriko dendetan, eta bihar bertan ekingo diote bira berri bati Tolosako Bonberenean egingo duten zuzenekoarekin. Hilaren 27an Donostiako Dokan izango dira; apirilaren 9an Azpeitiko Korrale tabernan, eta 24an Hondarribiko Psylocibenean; maiatzaren 1ean Arantzako Aterpe tabernan, eta 12an Txantreako Akelarre kultur elkartean.

Kontzertu horietan erositako sarrera bakoitzarekin, gainera, txartel bana banatuko du diskoetxeak, egitasmo berri bati erantzunez, disko berria Internet bidez osorik jaisteko aukera emango duena. Helburua, kontzertuetako jendeari disko berria ezagutaraztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo