Ipar Uribe eta Lea-Artibai, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalean
GARA | BILBO
Amaitu dira Bertsolari Gazteen XVIII. BBK Sariketako sailkapen faseko saioak eta finalaurrekoak asteazkenean eta atzo egindako bi saioekin, eta Ipar Uribe eta Lea-Artibaiko taldeek lortu dituzten finalerako txartelak. Aurtengo sariketako finalistak, beraz, iazkoen berberak izango dira.
Asteazkeneko finalaurrekoa Derion egin zen, Ipar Uribeko eta Busturialdeko taldeen artean eta atzokoa, berriz, Zallan, lehenengoz, Lea-Artibai eta Bilboaldearen artean.
Ipar Uribeko taldean, 18 urte arteko kategorian, Inazio Vidal, Peio Arondo eta Imanol Uria izango dira martxoaren 26an arratsaldeko zazpietan Bilboko Kafe Antzo- kian jokatuko den finalean. Haien aurka, maila berean, Nerea Ibarzabal, Josune Aramendi eta Elene Lejarzegi izango dira bertsotan Lea-Artibai ordezkatuz.
19 eta 24 urte artekoen kategorian, Beñat Vidal, Peru Vidal eta Itsaso Payak parte hartuko dute Ipar Uriberen izenean, eta Xabat Galletebeitiak, Eneko Arratek eta Xabier Iturraspek Lea Artibaitik.