GARA > Idatzia > Kultura

Asel Luzarragaren aldeko jaialdia egingo da Bermeon martxoaren 27an

A. B. | BILBO

«Asel aske!», Txilen preso den euskal idazlearen aldeko taldeak, Luzarragaren alde prestatu duen jaialdia aurkeztu zuen atzo.

Jaialdia martxoaren 27an izango da Bermeoko Kafe Antzokian, 21.00etan eta 10 euroren truke. Eta iragan astean iragarri bezala, euskal bakarlari eta talde esanguratsuek parte hartuko dute bertan, formato xumeko kontzertu akustikoan.

Asel Luzarraga idazle eta Punkamine taldeko abeslari ohiari elkartasuna kantuaren bitartez erakutsiko diotenen artean, sona handiko izenak ditugu, Busturialdekoak asko. Bakarlariei dagokienez, bertan izango dira Leire Saitua, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren, Asier Serrano, Ruper Ordorika, Petti, Joseba Irazoki eta Joseba Tapia. Eta taldeen artean, Bermeoko OST metal taldea, Gernikako Ken Zazpi eta Gatibu arrakastatsuak eta Ibarrangelu-Elantxobe inguruko The Uski´s rockzaleak, baita Kerobia nafarrak ere.

Horien guztien musikaz gozatu eta Luzarragari babesa adierazteko, sarrerak salgai dira 10 eurotan, Gernikako gaztetxean, Bermeoko Txalaparta tabernan eta Bilboko Zazpi Kaleetako Gatazka gunean.

Bermeoko Udalak, bestalde, babesa agertu dio jaialdiari, eta herriko Kafe Antzokiaren alokairua bere gain hartu du, modu honetan Luzarragaren aldeko taldeak aretoa doan erabili ahal izan dezan. Sortzez bilbotarra den arren, urte askotan Bermeon bizi izandakoa da Luzarraga, eta horrexegarik egingo dute jaialdia bertan.

Asel Luzarraga 2009ko abenduaren 31n atxilotu zuten Txilen, etxean lehergailuak egiteko tresnak zituela egotzita. Eta Txilen beste askori gertatu bezala, muntaia baten biktima dela iritzita, «Asel aske» taldea sortu zuten 2010eko urtarrilaren 2an, bere lagun eta ezagunek. Harrezkero makina bat ekimen burutu dituzte adiskidearen berri eman eta aska dezaten eskatzeko. Besteak beste, sare sozialen bidez kasua salatu, web gune bat sortu, elkarrizketak eman, elkarretaratzeak, iritzi artikuluak idatzi edo, kasu honetan bezala, jaialdiak antolatu.

Salaketa

Bermeoko jaialdi honek, beraz, salaketa dakar lehenik eta behin, eta adierazpen askatasuna berrestera dator, «hitza izan baita beti, eta da, Aselen arma bakarra». Eta elkartasun adierazpen izateaz gain -Adolfo Perez Esquivel Bake Nobel saridunak, Ariel Dorfman eta Isabel Allende idazleek adierazi diotena-, diru bilketa ere izan nahi du, muntaiak sortutako gastuak arintze aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo