Aldundiaren ezezkoari ez diote legezkoa irizten igeldoarrek
Igeldoarrek Donostiatik banantzeko egindako eskaerari ezezkoa eman zion atzo Gipuzkoako Aldundiak. Eneko Goia bozeramaileak azaldu zuenez, Igeldok ez luke burujabetza ekonomikorik izango eta bizilagunek ez lituzkete oraingoen mailako zerbitzuak izango. Igeldoarrek euren «borondatea errespetatzen ez dela ikusita», auzibidera joko dute.
GARA | DONOSTIA
Euren auzoa udalerri bihurtzeko egindako eskariari Gipuzkoako Aldundiak ezezkoa emango zion susmorik bazuten igeldoarrek, eta atzo jaso zuten erantzun ofiziala. Igeldo Donostiatik bereizteko Itsas Aurre Elkarteak egindako eskaria Diputatuen Kontseiluak atzera bota duela iragarri zuen Eneko Goia Aldundiko bozeramaileak. Burujabetza ekonomikoa «hutsa edo oso mugatua» lukeela esanez arrazoitu zuen Goiak, eta legeak ezarritako eskakizun bat, 2.500 biztanle baino gehiago izatea, ez duela betetzen.
Igeldok 1995eko otsailean egin zuen Donostiatik banantzeko lehenbiziko eskari formala; eta ordutik, Itsas Aurre elkarteko kide Juan Carlos Izagirrek GARAri azaldu bezala, behin baino gehiagotan izan dituzte «gorabeherak». Nolanahi ere, igeldoarrek argi dute oraingoan ere ez direla geratuko «besoak gurutzatuta». Are gehiago, Aldundian errekurtsoa jarri beharrean, zuzenean epaitegietara joko dute.
Begi bistako ezberdintasuna
Gipuzkoako Aldundiak bi txostenetan oinarriturik hartu behar zuen erabakia: Donostiako Udalekoa bata, eta Ogasun Sailekoa bestea. Donostiako Udalak argudiatu zuen Igeldok banantzeko arrazoi historikorik ez duela, eskaerak ez duela auzotarren interesa biltzen eta udalerri bihurtuz gero bertako biztanleek ez luketela Donostiako Udalak eskainitakoaren adinako zerbitzurik izango. Era berean, Udalak erabili duen arrazoietako bat da Donostiatik bereizi nahi den eremuaren eta hiriaren arteko «desoreka». Izan ere, Igeldoko lurrek Donostia osoaren %18a osatzen dute; era berean, Donostiako nekazaritzako lurren %25 Igeldoren barrutian dago. Horregatik, banatuz gero, Donostiako Udala behar adina «eremu berde»rik gabe geratuko litzateke. Alde horretatik Igeldo banantzeak Donostiari «kalte» egingo liokeela azaldu zuen Izagirrek, baina nabarmendu zuen argumentu horrek berak Igeldo eta Donostiaren arteko «begi bistako ezberdintasuna» agerian uzten duela.
«Argi geratu da»
Bestalde, udalerri izateko baldintzetako bat ¯2003ko foru arauak ezarritakoa¯ Igeldok ez duela betetzen azaldu zuen Goiak, ez dituelako 2.500 biztanle baino gehiago. Izagirrek «harrituta» hartu zuen azalpen hori: «Azken hamabost urteotan zerbait argi geratu bada, guri 1995ean indarrean zegoen legeria aplikatu behar zaigula da».
Era berean, ezezkoa emateko Aldundiak erabili duen beste arrazoi bat, burujabetza ekonomikoarena, «zentzugabetzat» jo zuen Itsas Aurreko kideak: «Ogasun Sailak egindako azterketan guztiz aurkakoa diote». Odon Elorza Donostiako alkateak, bestalde, auzotarren gehiengoak ez duela banantzearen aldeko jarrera agertu esan zuen atzo, eta beraz, pozik hartu zuen Aldundiaren erabakia. Izagirrek gogorarazi zuen, baina, 1994an Igeldon egindako herri galdeketan %64k banaketaren alde bozkatu zuela. Donostiatik bereiztea «talde zehatzen kontrol politikorako nahiaren ondorio», zela esan zuen Elorzak.