UAGAk lehen sektorea «ekonomiaren eragile» dela nabarmendu du
GARA | GASTEIZ
UAGA Arabako nekazari sindikatuak bere XXXIII. Biltzar Nagusia egin zuen atzo herrialde horretako Estibaliz monasterioan, eta bertatik lehen sektorearen «eragile» papera defendatu zuen, bai ekonomian, bai kulturan zein gizarteko beste arloetan. Ildo horretatik, sektorean lan egiten duten pertsonei eskatu zien bere egin dezatela eragile jarrera hori; hori baita, sindikatuaren iritzian, nekazaritzak eta abeltzaintzak bizi duten «krisi orokorra» gainditzeko modu bakarra.
Horrela, UAGAk adierazi zuen nekazariek eta abeltzainek eurek hartu behar dutela «ataka honetatik ateratzeko» erabakia, eta beren ustiategiek bideragarritasuna izan dezaten alternatibak bilatu behar dituztela baloratu zuen. Alde horretatik, produktuen dibertsifikazioa defendatu zuen, eta nekazarien lana aberastu dezaketen proiektuen alde agertu zen.
UAGAko kideek, beste alde batetik, Arabako nekazari eta abeltzainen produktuak merkaturatzeko bide zuzenak hobetsi zituzten, baita abeltzainak eta nekazariak harremanetan jarriko dituzten proiektuak ere.
Horrekin batera, sindikatuak herrialde horrek hiltegi berri bat izan beharko lukeela adierazi zuen.