Europar Batasuna, Greziari laguntzeko plana zehazteko prest, lagunduko dion zehaztu gabe
Europar Batasunak Greziari bere zor publikoari aurre egiteko herstura neurriak harrarazi zizkionean, «sostengua» eta, behar izanez gero, laguntza osagarria ere eskaini zion, eta zorrozki baztertu zuen Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) esku-hartzea. Joan den ostegunean, Greziak laguntza horiek zehazteko premiatu zuen EB, horretara espekulatzaileen presioa desagertuko litzatekeelakoan. Europako Batzordeak atzo erantzun zuen, europar instituzioei eskatuz Grezia laguntzeko plana martxoa bukatu baino lehen definitzeko. Datorren osteguneko gailurra erabakigarria izango da, beraz, laguntzak zertan diren jakiteko. Hala ere, EBk ez du baztertzen NDFren esku-hartzea, hots, Atenasek presio gisa erabiltzen zuen eta EBk inondik inora aurreikusten ez zuen aukera. Aldaketa horretan sumatzen dira Alemaniak asteon zabaldu duen diskurtsoaren zantzuak. EBko herrialdeentzat ez litzateke aukerarik onena, baina «elkartasuna» diruz erakutsi behar badute, lehen pentsaezina zena ez da baztertzekoa. Bitartean Grezian langileek eta herritar xumeenek EBko presidente Durao Barrosok atzo goraipatu zituen «erabaki ausartak» larrutik ordaintzen dituzte.