Maribi Ugarteburu Udalbiltzako Batzorde Eragileko kide ohia
Eztabaidari bidea eman
Aurki, nazioarteko aditu batek salatzen zuen «aldapa irristakor» horretatik Estatuaren erorialdian, oinarri gabeko epaiketa edukiko dugu. Hor, justizia ez da helburu izango
Antza denez, nortasunari buruzko eztabaidek garrantzi guztia galdu dute. Ez da momentu egokia nazio, etnia edota gutxiengo kulturalen eskubideez hitz egiteko, beste lehentasun batzuk daudelako -ekonomia krisia adibidez- edo, besterik gabe, gai horietaz inor gutxi kezkatzen delako. Hala ere, kezka hori ezkutatu nahian, eztabaida areagotu egiten dute. Batetik, frantziar nortasunari buruzko eztabaida piztu zutenek orain presaka eta korrika itzaltzea erabaki dute, eurek nahi zituzten emaitzak lortu ez dituztelako. «Trumoien kutxa» zabaldu zuten. Bestetik, Estatu espainolean, nortasunen ehorzketa iragartzen diguten arren nazio sentimenduan oinarritutako gobernu bat osatu dute, euren bandera eraikin ofizial guztietan inposatu dute, euren erregea paseatzen dute kirol ekitaldietan, euren kirol selekzioei bidea zabalduz. Herri honetan arroztzat hartzen diren ikur horien inguruan piztutako kalapitek erakusten digute goizegi dela eztabaida horren gaurkotasuna errefusatzeko.
Gure herritik harantzago naziotasuna eta nortasunari buruzko eztabaida horrek duen garrantzia ere argi dago. Esperientzia zabal eta askotarikoak daude abian: eremu instituzionalean sorturiko dinamikak (Bolivia, Eskozia, Groenlandia, Faroe, adibidez); prozesu politiko-armatuetatik bultzatutakoak (Irlanda, Kurdistan, Balkanak...); eremu sozialean abiaturiko ekimenak (Kataluniako herri galdeketak, zibilizazioaren krisiaren gaineko foroa, herrien eskubide kolektiboen aldeko nazioarteko sarea), edota eremu akademikoan izandako eztabaidak (nazio-aniztasuna, nazionalismoa edo autodeterminazioaren gaineko eztabaida teorikoak). Bakoitzak bere itzal-argiekin, guztiek eskubide kolektiboen gaineko hausnarketaren aberastasuna uzten dute agerian. Eta giza eskubideen ikuspegi integrala adieraztearekin batera, ikuspegi hegemonikoak gainditzeko eskubide kolektiboen errekonozimenduak egin dezakeen ekarpena ere azpimarratzen dute.
Gure herrian, ordea, errepresioaren bitartez itxi nahi izan dute eztabaida bizi hau. Nonbait, boterean daudenek demokrazia egikaritzeko modu egokiena herritarren parte-hartzerik gabe eta haien iritziei bizkarra emanda dela pentsatzen dute. Ezin dugu ohitu eztabaida moztu, adierazpen askatasuna murriztu eta elkartzeko eskubidea guztiz desitxuratu nahi duten ukazio jardun horietara. Hori izan zen Udalbiltzak bultzatu nahi zuen eztabaida. Gainera, herritarrengandik gertuen aurkitzen den instituziotik abiatuta: udaletik. «Parte-hartze soziala» eta «demokrazia» hitzak esanahiez betetzeko asmoz sortutako egitasmo pizgarria, ilusionagarria.
Baina Euskal Herriko lurralde guztiak barnebiltzen duen aro modernoko lehenengo instituzioak errepresioa jaso zuen estatuaren erantzun modura. Bere kideen oinarrizko eskubide zibil eta politikoak zapalduz, jardun publiko gardena bidegabeki eten zioten. Horietatik asko kartzelatu egin zituzten. Aurki, nazioarteko aditu batek salatzen zuen «aldapa irristakor» horretatik Estatuaren erorialdian, oinarri gabeko epaiketa edukiko dugu. Hor, justizia ez da helburu izango.
Zalantzarik gabe, ez da kasu bakarra munduan, halako herri egitasmo bati debekuarekin eta kartzelatzearekin erantzuten zaiona. Bai ordea, hain gertu jasandakoagatik, guretzat dimentsio berezi bat hartu duena.
Baina herritarren nahiari mugak jartzeak ezin du betiko iraun. Orain, nortasunaren gaineko eztabaida hori bizi-bizirik dagoelako eta gure herriak aurre egin nahi diolako, Nazioarteko Jardunaldiak antolatu ditugu, Conseu Kataluniako elkartearekin batera, Donostiako Miramar eta Kursaal biltzar jauregietan martxoaren 27 eta 28an egitekoak. Giza eskubide indibidual eta kolektiboen arteko lotura estua erakutsi, eta horien ariketan modu injustuan jazarritakoei zuzenduriko elkartasun adierazpenak izango dira. Bertan elkar ikusiko dugulakoan.