ACB Liga Caja Laboral Baskonia
Bartzelona, gerora begira lortu nahiriko garaipena
Aurkaria «Europako talderik onena» dela onartu du Ivanovicek, eta «nortasuna» eskatu du aurre egiteko. Eliyahu eta Splitter ez daude jokatzeko prest. Zaleek Baskoniaren aldeko mosaiko bat osatuko dute.
BASKONIA-BARTZELONA
Arnaitz GORRITI
Denboraldi bakoitzean makina bat partidari jarri ohi zaio «garrantzitsu» izendapena. Kopa jokatzeko, ez jaisteko, kanporaketan aurrera egiteko nahiz tituluren bat irabazteko balio ohi dute neurketa horiek. Beste askok, aldiz, gerora begira indarra eta konfiantza eman dezakete. Horixe da, Caja Laboral Baskoniak gaur arratsaldean Bartzelonaren aurka bilatuko duena.
Izan ere, aspaldion moralez hauskor azaldu da talde gasteiztarra. Bartzelona gaindituz gero, play-offei begira sekulako indarra hartuko lukete Ivanovicenek; hain urrun joan gabe, datorren astearteko Mosku CSKAren aurkako neurketari begira ere asko indarberrituko lituzke gaur garaipena lortzeak.
Baina hori oso zaila da, noski. Orain arte hiru partida baino ez ditu galdu talde blaugranak, eta guztiak puntu bakarreko aldeaz. Dusko Ivanovicen beraren iritziz, «Europako talderik onena» da Bartzelona. Hala ere, «irabazteko aukerarik» badagoela adierazi zuen. «Gure nortasuna ateratzeko unea da. Mementorik egokienaren zain egoten jakin behar dugu eta zaleen laguntzaz, ziur nago aukerarik izango dugula».
Esan behar zaleek gaur arratsaldean zeresanik izango dutela. Alde batetik, Pete Mickeal Gasteizera itzuliko da, eta oso litekeena da txistu artean hartzea hegaleko estatubatuarra. Bestetik, partida hasieran Baskoniaren aldeko mosaiko bat osatuko dute.
Gizon garaiak falta dira
Gasteiztarren barruko jokoa hankamotz dabil, Splitter eta Eliyahu falta baitira. Hala, Bartzelonako pibotak -Lorbek, Morris, Ndong eta Vazquez- ohi baino arriskutsuago bihurtuko dira. Alabaina, Ivanovicen iritziz, gainerako jokalariek kontzentraturik jokatuz gero, ez omen dago zertan kezkatu. Herrmannek egin dituen azken partidak lirateke adibiderik onena. «Barrutik zein kanpotik ongi ari da, eta oso pozik nago Herrmannen azken neurketekin», onartu zuen Montenegroko teknikariak.