GARA > Idatzia > Kultura

Zuberoako Xiru jaialdia mundu bazterretan sortzen den kulturaren erakustokia izango da

Martxoaren 26tik 28ra ospatuko dute Xiru festibala Gotaine-Irabarnen. Sorkuntzari bidea irekitzeko aitzakia, «Munduko bazter batetik» eginiko kulturak eta hizkuntzak biziaraztea dute helburu.

Idoia ERASO | BAIONA

Sorkuntza jaialdia izaki, zuberoarrek prestatutako ikusgarrietan kanpotik etorri artistak parte harraraziko dituzte. «Zuberoan ze oihartzun izanen duten ikusiko dugu; kultura handi zein ttipiek gure sorkuntzan izanen dira presente», azaldu zuen jaialdiko gidaritza daraman Mixel Etxekoparek. Euskal Herritik Ander Lipus aktorea izango dute lagun, eta munduko beste txokoetatik, esaterako, Paulias Pui italiarra eta Bernard Combi okzitaniarra.

Ostiralean ekitaldi berezia egingo dute urteen poderioz jaialdiarekin sortzen ari diren eskulturen parkean zehar. Joan den urtean Nestor Basterretxearen eskulturak aire berria ekarri zuen, edizio bakoitzarekin handituz doan erakusketa iraunkorrari. Aurten eskultura berririk ez dute ezarriko, baina bertan direnen irakurketa poetiko-artistikoa eginen dute.

«Irakurketa poetikoa eginen dugu gauaz. Artistek eskulturak biziaraziko dituzte beren adierazpenekin», nabarmendu zuen Etxekoparek. Ekimen honekin lortu nahi dutena ere azaldu zuen: «Gure bazterra urte guztiz begi berriekin irakurtzea da xedea. Urtero gauza berriak sortzen ditugu».

Lehen urratsa Xirun egingo den «Ekialdea» ikuskizunak gero munduko birari ekingo dio. Euskal Herriko ekialdetik abiatuta gure herritik ekialderago diren lurraldeetara zabaltzen da ikusgarriaren eremua. Zuberoa eta Erronkari hartzen ditu gure lurraldetik, kultura eta hizkuntza garatuz. Harantzago joanez Biarnoko Aspe ibarreko okzitaniera eta Anso ibarreko etxo hizkuntza baliatzen dituzte.

Ttittika Rekaltek idatzi testutik abiatu dira sorkuntzari doinua jarri dioten artistak. Ikuskizuna Jeremi Garat, Peio Cachenaut, Jean Xarles Sans eta Mixel Etxekoparek sortu dituzten doinuekin jantzia izango da. Bestalde, dantzak eta interpretazioak ere tokia izango dute.

Hitzen musikan oinarrituta testu musikatuak izango dira abiapuntu, erabiliak zein galduak diren hizkuntzak direla bertan protagonista. Horrela testuaz gain, tokian tokiko mintzairen poetek egin testuak berreskuratu dituzte, ekialdetik ekialdera barreiatzeko. «Gauza anitzek bereizten gaituzte, baina elkartzen gaituztenak gehiago dira agian», erran zuen Etxekopare kantari eta artistak.

Larunbatean aurkeztuko den lan hau jaialdiak transmisioarekiko duen kezkaren erakusle ere bada. Gazteenengana heldu nahi horretan «Ekialdea» sorkuntzaren baitan gazteenentzako tarteak ere izanen dira Ander Lipusen eskutik.

«EKIALDEA»

Etxekoparek azaldu zuenez, «Ekialdea» ikuskizun berrian Ander Lipusek «bere bizkaiera ederrean» euskara komunikazio hizkuntza dela aldarrikatuko du, batez ere gazteei zuzenduz.

TRANSMISIOA

Kanpotik etorritako artistekin batera Zuberoako bertakoak ere izango dira. Besteak beste, Amaren Alabak abeslari gazteek parte hartuko dute, aurtengoa 21. urtea duen jaialdian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo