GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Haziak elkarteak «Hazi Bizi» diskoa aurkeztuko du igandean, Kanboko bestan

I. E. | BAIONA

Euskal Haziak kristau hezkuntza elebiduna bultzatzen duen elkarteak urteko besta handia egingo du igande honetan, Kanbon. Bertan Aturri-Errobi bailarako eskoletako gaztetxoek grabatu berri duten diskoa ezagutzeko parada izango da. «Hazi Bizi» diskoak urtean zehar ospatzen diren besta eta jaiei buruzko kantuak biltzen ditu.

Duela hiru urtetik Euskal Haziak elkarteak ikasleekin argitaratzen duen diskoak, «Hazi Bizi» du izena aurten. Uztaritze eta Kanbo artean diren zazpi ikastetxetako gaztetxoekin egina izan da. Ahots gazteen atzetik profesional asko aritu dira lanean, bai hitzak idazten, bai hitz horiek musikatzen. «Sorkuntzak dira kantu guztiak, euskara garatzea eta ikasleen artean erabilera sustatzea da gure helburua», nabarmendu zuen Euskal Haziak elkarteko presidente Pantxoa Bourgoinek.

Jean Louis Errotabehereren hitzei laguntzen aritu dira Philippe Albor eta Patric Fisher. «Denak aipatzea ezinezkoa da, jende askok parte hartu baitu, benetako talde lana da `Hazi Bizi'», adierazi zuen Bourgoinek.

Estilo guztietako musika erabili dute; aurten rapak ere badu tokia. Izan ere, estilo aniztasuna beharrezkoa da, jai mota guztiak islatzeko, urtatsetik herriko bestetara: amaren besta, inauteriak edo urtebetetzeak ahantzi gabe, jaia egiteko aukera guztiak dira diskoan. «Urte osoan zehar kantu ezberdinak atera daitezke. Irakasleentzako materiala ere sortu dugu horrela, fitxa pedagogikoak egin ditugu», azaldu zuen Bourgoinek.

Kristau hezkuntzako sareko ikasle, guraso eta irakasleak elkartzeko eguna izaten da urteroko Haurren Besta. Azken bost urteetako ohiturari jarraiki Kanbon egingo dute, kiroldegian, igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo