GARA > Idatzia > Euskal Herria

Trabakua gainean lurpeko pasabidea beharrezkoa dela aldarrikatu dute

Trabakuan oinezko eta abereen segurtasunerako lurpeko pasabide bat behar dela aldarrikatu dute Mallabiko bizilagunek. Aurten egingo dira inguru hori egokitzeko lanak eta igarobidea egiteko garaia orain dela uste dute atzo traktore eta guzti mobilizatu ziren lagunek.

p020_f01_148x108.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA |

Traktore eta auto andana bildu zen atzo eguerdian Trabakua gainean oinezko eta abereentzeko pasabide bat beharrezkoa dela aldarrikatzeko. «Mallabia maite dugulako», autoak eta traktoreak igarobidea eta auzoetako sarrera-irteera duinak eskatzen zituzten kartelekin apaindu, eta martxari ekin zioten. Zengotitaraino joan eta abiapuntura itzuli ziren.

BI-633 errepidearen konponketa lanak hasi ditu Bizkaiko Aldundiak «bidezorua hobetu eta sarbideak berrantolatzeko». Errepide horren egoera tamalgarriak hainbat istripu eta hildako eragin ditu, mallabitarren esanetan, baina hobekuntza lan horiek aztertu zituztenean ibilgailuen segurtasunean «soilik» pentsatu dutela konturatu ziren.

Zengotita eta Iruzubieta arteko hobekuntza lan horietan pasabiderik ez da aurreikusi eta, bizilagunen aburuz, oinezko eta abereentzat arriskua «izugarri areagotuko dute». «Errepidea hobetuz gero, autoak arinago igaroko dira» eta, beraz, errepidea gurutzatzea, autobus geltokietara joatea edota auzoetara sartzeko eta irteteko arazoak areagotuko direla uste du Mallabiko bizilagunen plataformako kide Miguel Mugerzak.

Goitia eta Gereako hainbat bizilagun sinadurak biltzen aritu dira azken asteotan, Aldundiko arduradunekin elkarrizketa bat eskatzeko eta guztien artean oinezkoen eta abereen arazoari eta Zengotitako eta San Martineko sarrera-irtereei ere konponbide bat aurkitzeko. Dagoeneko 340 sinadura batu dituztela adierazi zuen Mugerzak eta, orotara, gehiago bilduko dituztela ziur agertu zen.

Dirurik ez dela ez dute sinisten

Orain hiru urte Mallabiko udal ordezkariek Aldundiko arduradunekin eremu horretako puntu beltzak aztertu eta proposamenak egin zituzten. 2008an Batzar Nagusiek pasabidearen proposamena eztabaidatu zuten, baina PP eta PSEren abstentzioa eta EAJren kontrako bozak medio, ez zuen aurrera egin.

Aurten, udal ordezkariak berriro batu dira Aldundiko Herri Lan Saileko ahaldun Itziar Garmendiarekin eta Errepide Saileko zuzendari Mikel Iriondorekin, baina lortu duten erantzun bakarra teknikariek aukera «serioski» aztertuko dutela izan dela salatu dute. Aurten, egingo diren hobekuntza lan horiekin batera hain beharrezkoa den igarobidea egokitzeko garaia dela eta horretarako dirurik ez dagoela sinisten ez dutela esan du Mugerzak.

SINADURA BILKETA

Azken asteotan, Goitia eta Gereako hainbat bizilagunek Bizkaiko Aldundiko arduradunekin elkarrizketa bat izateko sinadura bilketari ekin diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo