«Musika jotzea oxigenoa bezalakoa da, guztiz beharrezkoa guretzat»
Bronze musika taldeko kideak
Grunge stoner progresiboa dute jatorrian eta poliki rock astuna egiten duen talde heldu bihurtu da Bronze. Galiziarako bidea hartu zuten ostiralean, frogatuz ez direla Euskal Herriko bihotzak liluratu dituzten bakarrak. Ekainean Azkena Rock-en joko dute. Stonerren jarraitzaileek badute horizonte berria.
Maider LACALLE | GASTEIZ
2010. urteari «Bronze aroa» deitu beharko genioke, oraingoz Euskal Herrian bakarrik agian, baina etorkizunean ziurrenik urrutira iritsiko da metal honen izena daraman taldearen oihartzuna. Oliver, Iñaki, Otazu, Koka-Kolo eta Ibonek osatzen duten boskotearen agerraldiak areagotuz joan dira, poliki baina tinko, Gasteizko kontzertu aretoetan: Artium, HellDorado eta Jimmy Jazz izan dira talde honetan sinistu izan dutenetariko batzuk. Azken horretan Berri Txarrak taldearekin partekatu zuten agertokia, aurreko urteko azaroan, artista gonbidatu bezala. Euskal Herriko beste hainbat txokotara ere iritsi dira, eta ostiralean Galiziarako bidea hartu zuten. Bertan El Ferrol eta Vigo-ko kontzertu aretoetan emanaldi bana egin zuten, herenegun eta atzo.
Hori nahikoa izango ez balitz bezala, Azkena Rock 2010 jaialdira gehitu berri direnak ezagutarazi dituzte aste honetan, eta horien artean dago Bronze. Ekainaren 26an, larunbata, joko du Gasteizko taldeak Mendizabalan, eta Bob Dylan, Bad Religion eta The Hives nazioarteko taldeekin batera osatzen dute aurtengo jaialdiaren kartela. «Zer sentitzen du batek egunkarietan Bob Dylan-en izenaren alboan agertzean?» Sinestu ezinik dago Bronze eta «poz-pozik», nola ez? Ibilbide luzea egin du Gasteizko boskoteak eta haien pausoak jarraitu dituztenei esker, interesa sortu dute belarri fin eta erabakigarrien artean.
Rock astuna egiten duen talde honen hasiera aurkitzeko, Bronze-ren biografian sakonduz gero, 2003. urtera jo behar dugu. Urte horretan hasi ziren jameatzen Iñaki, Otazu eta Ibon. Garai horretan bertsioak jotzen zituzten batez ere: Queens of the Stone Age, Turbonegro, Kyuss, Hellacopters... Ibonek eta Iñakik unibertsitatean ezagutu zuten elkar, Ingeniaritza ikasten ari zirela. Iñakik Jumping Kiwi taldean jotzen zuen eta Ibonek ezagutzen zuen Otazu Beer to All formazioan aritzen zen. Izenik gabe eta pasio berari helduta, elkarrekin jotzen hasi ziren, eta 2004an, Otazu Valentziatik itzuli zenean -hango unibertsitatean ikasi zuen- ardura handiagoa hartu zuten taldearekiko.
«Iñakik oraindik ere Yamaha jotzen zuen gurekin eta Gibson-a beste taldearentzat gordetzen zuen», gogoratzen dute taldekideek irri-doinu antzeko batekin. 2006. urtean Oliver, abeslaria, gehitu zitzaien taldera, eta urtebete geroago Ibonen amak erabiltzen zuen krema baten izena hartu zuten, eta hori da gaur egunera arte erabili dutena. «`Bronze'k desertua dakarkit burura», adierazi du Ibonek harro, «eta Queens of the Stone Age-en abesti batek ere `The Bronze' du izena». Josh Homme buru duen talde horren eragina nabaria da oraindik ere Bronze-ren abestietan. Gitarraren doinu gozoak zuzentzen ditu abestiak eta bateriak definitu egiten du horien melodia.
Gasteizko Arrantzale tabernakoa izan zen haien kontzertuetan lehenetarikoa, «jendea kanpoan geratu behar izen zen; ez zen orratz bat ere sartzen», gogoratzen du taldeak. Kontzertuak bata bestearen atzetik etorri dira 2008ko apiril hartatik, eta egun badira 40 bat kontzertu ibilbidean egin dituztenak.
Pasioa eta trebetasuna
Maketa ere orain dela urtebete kaleratu zuten eta lan hau Aitor Amozarrainekin -Ekon-eko teknikaria izandakoa-, eta Aitor Acostarekin -Fermin Muguruzarekin biran egondakoa-, batera landu du boskoteak. Bronze izeneko pre-disko honen 350 ale saldu dituzte dagoeneko. «`Zure ahoan' eta `Munstroa' ditugu kantu minenak», aitortu du Iñakik, «`Munstroa'k indarra du; erraietatik ateratako kanta da, eta `Zure ahoan'ek Pearl Jam-en kutsua duela esan izan digute». Horretaz gain, «Argos» ere aipatzekoa da, Jason -mitologia greziarrean heroi izaera duena- eta argonautei eskainitako abesti epikoa. «Istorioaren esanahiaz mintzatzen da; Jason eta Argonautek egindako bidaia mistikoa gizakion barneko bidaia bat dela azalduz, pauso espiritual bat alegia. Hau da denok bizitzan egiten dugun bidaia: beti aurrera jo nahian, gure gorputz fisikoa agortuz doan heinean», azaldu du Oliverrek.
Musika da Bronzeren pasioa eta trebetasuna haien erreminta. Iñakik adierazi duenez, «jotzea oxigenoa bezalakoa da; guztiz beharrezkoa guretzat». Ibonek burua astindu du, hitz hauekin bat datorrela adierazteko keinua eginez: «Jo gabe ezin dugu bizi, jotzeak sortzen duen zirrara ezin delako ezerekin alderatu». Ibon zesta-puntan aritu izan zen bateriarekin duen harremana estutu baino lehenago. Trikia eta alboka ere jo izan ditu baina bateriak maitemindu egin zuen. «Poliki-poliki gure lekua eta berezko doinua aurkitzen ari gara».
Taldekideen itxaropen guztiak betetzen ari da Bronze. Kide batzuentzat Jimmy Jazzen, Berri Txarrakekin batera, jo ahal izatea amets bat izan zen. Jakin badakite egungo musika merkatua ez dela erraza; teknologia berriek eta MySpace eta Facebook bezalako sare sozialek erraztu egiten dute musikarien lana, elkarren proiektuen berri eman dezaketelako eta horrela horien zabalkuntza bermatu. Merkatuaren saturazioa da aipatutako erraztasunengatik artistek ordaindu behar duten prezioa; zaila egiten da hainbeste talderen artean aukera egitea.
Hori horrela izanda ere, Bronzeko kideak beren baikortasunagatik ezagunak dira zirkulu txikietan: «Pauso handiak emateko, lehenago txikiak eman behar dira, eta poliki, bagoaz igotzen».
Herenegun El Ferrol-en eta atzo Vigo-n joko zuten. San Prudentzio Arabako patroiaren egunaren bezperan Gasteizko Alde Zaharrean joko dute eta maiatzaren 28an Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko musika biltzen duen Fin de la Tierra jaialdian, hori ere Gasteizen. Hiru hilabeteren buruan, Azkena Rock-en izango ditugu, nazioarteko izarrez inguratuta. «Entzun!» euskarazko musika aldizkariak hauxe esan du Bronze-ri buruz: «Bi gitarrak zoratzerainoko distortsio eta punteatzeak sortzeko gai dira. Stoner zaleok badugu beraz aurrerantzean adi jarraitu beharreko beste talde bat eta ziur, laster batean, Palm Deserten egin bezala, Euskal Herrian ere Desert Sessions-ak eginen direla».
M. L.