GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Etsaiarekin solasean Afganistanen

Demokrazia bonben bidez ezarriko zutela ziotenak zortzi urteren buruan etsai amorratuenarekin hitz egiteko prest daude Afganistanen.

Talibanen buruzagiekin bildu dira dagoeneko Kabulgo sasi-gobernuaren arduradunak, eta atzo bertan Gulbudin Hekmatyar «guda gizonak» zuzentzen duen erresistentziako beste talde bateko ordezkariak hartu zituen Afganistango hiriburuan bakeaz hitz egiteko.

Afganistanek bizi edo pairatzen duen tamainako egoera bat konponbidean jartzeko etsaiarekin hitz egin behar dela nabarmentzea soberan egon beharko litzateke bizi dugun garai honetan. Are gehiago, gerra irabazteko inolako aukerarik ez dagoenean. Eta Washington jabetu da, behingoz, herrialde hartatik atera nahi badute, ezinbestekoa dutela orain arte kriminalizatu dituztenekin akordio bat lortzea.

Beste kontu bat elkarrizketa bazterrak nahasteko edota etsaien artean liskarrak sortzen saiatzeko erabiltzea da. Zentzu horretan, Iraken egin zuten saiakera errepikatzeko tentazioa izan dezakete Pentagonoko buruzagiek.

Horrela balitz, epe motzera haizea hartzeko balioko balu ere, gerora begira ez luke arazoa konponduko, aitzitik, egoera gaiztotzea ekarriko luke. Historiak aise erakutsi du hori, etsai amorratuarekin hitz egin behar dela irakatsi digun bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo