GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nazioarteko Diru Funtsa arazoaren iturri eta parte da, eta ezin da konponbide gisa onartu

Dirudienez, europar estatuek akordioa erdietsi dute Greziari eman beharreko laguntzari buruz. Hobeto esanda, azkenean Berlingo eta Parisko gobernuek akordioa lortu dute, Greziak porrot eginez gero, eman beharreko diru laguntzak eta horien baldintzak adostu ondoren. Berez, batzuek hurbil ikusten duten hipotesi hori betez gero, Greziari eman beharreko maileguen interesak behar baino altuagoak ez izateko adostasuna lortu dute, baita europar estatuez gain, Nazioarteko Diru Funtsa plan horren parte egitea ere. Alegia, europar estatu boteretsuek Europar Batasunaren hitzarmenak hautsi gabe, balizko faktura kide gehiagoren artean banatzea erabaki dutela esan daiteke, gutxi gorabehera. Era horretan europarrek ez dute beren kide Greziaren gaineko kontrol politikoa galtzen eta, gainera, Nazioarteko Diru Funtsa neurri zorrotzenak hartzeko bitartekari gisa baliatu dezakete. Nolanahi ere, azalpen makroekonomikoen azpian ezkutatu ezin dena zera da: maileguak, interesak eta, batez ere, nazioarteko erakunde hauek ezarriko dituzten neurrien ondorioak greziar herritarrek eta batez ere langileek ordainduko dituztela, larrutik ordaindu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo