GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mikel San argimiro Isasa Euskal preso politikoa

Badajozeko espetxetik

Dakigunez, bizitzaren lege gorenaren aurrean gizakiok gutxi dugu egiteko. Hori dela eta, bizitza luze baten ondoren, nire aitaren heriotza gertatu zen, hain zuzen ere, pasa den abenduaren 5ean.

Ez da ohikoa horrelako gertakari baten aurrean hedabideak erabili behar izatea, alegia, arlo pertsonaleko gauzen inguruan aritzeko. Baina, euskal preso politikoa izateak, eta izaera honek dakartzan baldintza guztiek behartzen naute horretara.

Zaila suertatzen da maite den pertsona bat galtzea. Are giltzapean eta urrun egonik. Unerik goibelenei oroitzapenekin aurre egin behar izaten diegu. Sentimendu asko ziegako lau pareten artean gelditu dira betiko. Ez dut esango, beraz, une garratzak bizi ez nituenik. Eta hau esanda, hitz handiz eskertu nahi ditut nirekin dauden kideen laguntza, berotasuna, elkartasuna eta maitasuna.

Zuok guztiok, bakoitza bere nortasun eta hurbiltasunetik, une zail horiek errazago igarotzea egin zenuten, eta hori betiko gordea dut ene sakonean.

Kalean ditudan ene lagunei buruz ezin gutxiago esan. Nire errekonozimendu osoa! Nire aitaren azken egunetan ondoan egon ziren (honela niri aukera emanez aita telefonoz agurtzeko), heriotzaren unean nire amaren aldamenean egon ziren, une oro, gestioak egiteko ardurak hartuz... Laburbilduz, edozertarako prest.

Eskerrik asko zuoi guztioi egindakoagatik. Bide batez, luzatu nahi ditut esker hauek Donostiako hilerrian nire aitari lur ematen egon zineten guztioi. Ezin izan nuen zuon artean egon, nik nahi nuen bezala, epaitegietako tresneria geldoaren erruz. Agindua ez zen heldu garaiz!

Berriz, hileta elizkizunetarako joatea eskaini zidaten, eta aukera hori baliatu nuen. Une hunkigarriak bizi izan nituen bertan. Lehenik, eta aspaldiko partez, ama besarkatu ahal izan nuen. Gero, gainontzeko senideak. Eta espaloietan, zein eliza barruan hainbeste jende ikustea ere, aldarrikapen, oihu eta txalo artean, zoragarria izan zen. Are gehiago, meza bukatuta horietako asko besarkatzeko aukera izan nuenean. Hitz gutxi, sentimendu asko, lagun zahar zein berri, euskal presoaren izaera irmotasunean handitzen duzuenok.

Eskerrik asko zuoi guztioi ere.

Eta postari dagokionez, aipamen bat. Asko dira egun hauetan jasotzen ari naizen izkribuak, beren 20-30 eguneko atzerapenekin, bai hainbat espetxetatik eta bai Euskal Herritik ere. Nire nahia guztiei baldintza normaletan erantzutea litzateke. Baina ezin dut, eta ezintasun horrek badu arrazoi tekniko bat: Estatu espainiarreko hainbat espetxetan gauden euskal preso politikoak 2 gutun soilik atera ditzakegu astean. Beraz, guztioi gutun honen bidez nire eskerrik beroenak helarazten dizkizuet. Zuen animo, hurbiltasun eta elkartasun hitzak gordeak ditut.

Ulertuko duzuelakoan, egile guzti hauei, nire eskerrik beroenak ere.

Bukatzeko, era labur batean eta izenburuan azaltzen dudan bezala, nire aitaren heriotzaren aurrean hain ondo lagundu nauzuen guztioi nire eskerrik sentikorrenak helarazi nahi dizkizuet. Era berean, nire senideen eta bereziki nire amaren izenean, jasotako besarkada, animo eta muxuak eskertu beharrean nago. Une latz hauetan aurrera egiteko ezinbestekoak izan zaizkigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo